2.000 sinadura baino gehiago, egungo etxez etxeko arreta zerbitzuari eusteko

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 3a, 13:32
Argazkia: @ccoonavarra

Iruñeko Udaleko lan kontratudunen batzordeak herritar ekimen bat aurkeztu du udaletxean, 2.000 sinadura baino gehiagoren babesarekin, udalak urtebeteko luzapena onar dezan, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuak egungo kudeaketa ereduarekin ematen jarrai dezan.

Navarra Sumaren udal gobernu taldeak, PSNren babesarekin, etxez etxeko arreta zerbitzua kudeatzeko enpresa publiko bat sortzea erabaki zuen apirilean. Gaur egun udalak kudeatzen du zuzenean, aurreko legegintzaldian hala erabaki ondoren. Udalaren arabera, zerbitzua hobetzeko egingo dute aldaketa hori, baina praktikan, lehen urratsa da pribatizaziorako bidean, langileek salatu dutenez. Guztira, 198 langileri eragingo die aldaketak.

Uste dute biderik egokiena udalak berak zuzenean kudeatzea dela, eta aplikatu nahi dituzten neurri guztiak bateragarriak direla egungo kudeaketa-ereduarekin.

Eskaerarekin, moratoria bat onartzea nahi dute, aplikatu nahi dituzten neurri berriak egungo ereduan ezarri ahal izateko, eta, urtebete inguruko epe bat igaro ondoren, kudeaketa-eredurik onena zein den erabakitzeko.

Bi aste eskasetan lortu dituzte sinadura horiek, 2.355, beraz, uste dute kudeaketa eredua aldatzeko erabakia hartzen dutenean, iruindarren iritzia kontuan hartu beharko dutela.

Halako herri ekimenetarako, Herritarren Partaidetzarako Erreglamenduak eskatzen du, lehenik eskaera aurkeztea, eta ondoren, hiru hilabete ingururen ostean, sinadurak. Horregatik, argi dute, epe horretan jasoko duten babesa zabala izango dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!