Labairu zinegotziaren dimisioa eskatu du EH Bilduk trafiko isun bat ez ordaintzeagatik

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 3a, 08:53

Endika Alonso zinegotzia, udaltzainak eskuz idatzitako txostena aurkezten

Garabiak herritarren segurtasunerako zinegotziaren kotxea eraman zuen gaizki aparkatuta zegoelako. Labairuk ibilgailua isuna ordaindu gabe berreskuratu zuen eta horretarako eskuz, datarik gabe eta bere inguruko udaltzain batek sinatutako txostena aurkeztu zuen.

Pasa den urriaren 15ean gertatu zen. Javier Labairuk Iratxe Monasterioaren kalean, zonalde urdinean kotxea aparkatu zuen tiketik edo agiririk utzi gabe. Garabiak ibilgailua eraman zuen. Ordu batzuk geroago Labairu bera joan zen garabiaren egoitzara, udaltzain baten laguntzaz eta isuna ordaindu gabe kotxea eraman zuen. Ibilgailua ateratzeko dokumentazioan, eskuz idatzitako orri bat azaltzen da, non trafiko eta garabi zerbitzuan lan egiten ez duen udaltzain batek Labairuren kasuan arau hausterik gertatu ez zela adierazten zuen, agiriak ez du datarik. Udaltzain hau, Labairuren ingurukoa omen da, EH Bilduk salatu duenez, kirol arloan, Anaitasuna eskubaloi taldean aritu zenekoa.

Iruñeko EH Bildu, egoeraren jakitun, informazioa eskatu du eta behin eta berriz ukatu egin zaio. Kasua estali nahi izan du Navarra Sumak baina azkenean txostena publiko egin da.

Joseba Asironen iritziz "Erakunde gisa, hiri honetako herritar guztiei eskatzen ari gara ibilgailua kentzea eta dagokion isuna ordaintzea, eta Herritarren Segurtasunerako arduradunak, zerbitzuaren arduradun politikoa izanik, hori ez egiteko pribilegioa izatea, eta, gainera, hori ezkutatzen saiatzea, ez da kontu txikia, jokabide inmoral eta politikoa baizik". Patxi Fernandez arloko zuzendariaren dimisioa ere eskatu du Asironek, etengabe informazioa ezkutatzen aritzeagatik.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!