“Andrezaharraren manifestua” emanaldiak liburuko poemak dakartza oholtzara. Mari Luz Estebanek eta Metrokoadroka kolektiboak elkarrekin egindako emanaldi honetan, irakurketa momentuak uztartu dituzte poema bisual eta antzeztuekin: biolinaren musika, pintura, antzerkia eta koreografia performatiboak...
Bost emakume, bost gorputz, bost andrezahar izanen dira oholtza gainean, haien sentimenduak dastatzen, publikoaren begiradaren aurrean agertzen. Bost dira… edo hamaika.
Argi dio Mari Luz Esteban antropólogo eta idazleak Andrezaharraren manifestua liburuan: “Ez diot uko egiten zaharra naizela aitortzeari ZA-HA-RRA. Hitz hori letreiatzen dut astiro. Haren loditasuna dastatzen dut, haren sonoritatea. Hemen naiz. Begira nazazu”. 2019ko urrian argitaratu zuen lana, Pamielarekin.