Generoa, klasea eta arraza kontuan hartuko dituen bizikidetza aldarrikatuko dute igandean

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 21a, 11:14

Elkarrizketarako eta garapenerako kultur aniztasunaren eguna da gaur, maiatzaren 21. Gora aniztasuna eta gora borroka antiarrazista oihuak kalera ateratzeko deia egin du Arrazakeriaren kontrako Nafarroako koordinadorak. Igandean eginen dute protesta, Gazteluko plazan.

Aniztasun izan da historiaren motorra. Aniztasun genetikoa, ekologikoa, kulturala. Hala uste dute arrazakeriaren kontrako Nafarroako koordinadorako kideek. Egun, baina, kultur aniztasuna galtzen ari dela ohartarazi dute. Nafarroako gizartea askotarikoa da: jatorri, kolore, hizkuntza, erlijio eta folklore anitz dute nafarrek. Eta ezaugarri hori berria ez dela gogorarazi dute.

Guztientzako bizimodu duina bermatzeko aniztasuna ardatz izanen duen proiektu politikoa garatu behar dela defendatu dute. Oinarrizko desberdintasunak betikotzen dituen pribilegioen sistemaren aurka, arrazismoaren aurkako batasuna beharrezkotzat jo dute eta generoa, klasea eta arraza kontuan hartuko dituen bizikidetza eraiki behar dela.

Nafarroako aniztasun kulturala agerian utziko du koordinadorak antolaturiko jarduerak. Gazteluko plazan izanen da eta pregoia Paskuala Amador ijitoak emanen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!