Postal Kolekzionistak taldeak 'Bagoi hutsak' diskoa Katakraken aurkeztuko du gaur

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 18a, 08:31
Iñigo Asensio, Postal Kolekzionistak taldeko kidea, Euskalerria Irratian.

Bidaiekin lotura estua duen proiektu bat da, eta "ez-lekuetan" sortutako kantuek osatzen dute. Aurreko diskoarekin alderatuta, taldeak "nortasuna" hartu duela uste dute taldekideek. Katakrakeko emanaldia "berezia" izango dela adierazi dute. 

Postal Kolekzionistak talde tolosarrak bigarren lan luzea argitaratu du, Bagoi hutsak, eta gaur arratsaldean Katakraken aurkeztuko du.

Bidaiekin lotutako proiektua da aurkezten ari direna, aireportu eta hegazkinetan sortutako abestiak baitira gehienak: ez-leku deitzen zaien lekuetan. "Asko bidaiatzea egokitu zait urte hauetan, eta horregatik bidaia giroan sortutako kantuak dira; pixka bat nostalgiatik, munduan barrena ibiltze hortatik sortutako kantuak", adierazi du Iñigo Asensio taldeko abeslari eta kantuen egileak. Taldearen beraren eta diskoaren izenek, era berean, zerikusi handia dute horrekin.

Bi urte bete dira aurreko diskoa argitaratu zutenetik, eta "lokaleko lana eta kontzertuak" nabaritzen zaizkiela uste du Asensiok. "Nabari da kantautore bidetik egindako kantu soilekin osatu genuela lehenengo diskoa, eta estudioan egin genituela jada konponketak; horregatik, sumatzen zen taldea hor osatu zela, estudiora bidean. Bigarren honetarako elkar ezagutu dugu, eta talde jarrera, nortasuna aldatu da".

Katakrak, "berezia" 

Diskoa jendaurrean aurkezten ari dira orain, eta Katakrakera joango dira gaurkoan. Kontzertu "berezia eta intimoa" izango da, lehen aldiz izango direlako Iruñean, eta baita ere, hein handi batean, haientzat ez delako edozein toki Iiburu denda hori. "Kantuetan erreferentzia literario asko daude, eta berezia da horregatik, besteak beste".

Emanaldia arratsaldeko 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuratu behar dira, 10 euroko prezioan, tokian bertan, edo telefonoz deituta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!