Arrosadia, Azpilagaña eta Iturramako bizilagunek merkatal gune berriaren aurkako kanpaina bat abiatu dute

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 18a, 10:00
Zaragoza etorbidea.

Hiru auzo horietako bizilagun talde batek sinadurak biltzeko kanpaina bat jarriko du abian, Navarra Sumak, PSNren babesarekin, Arrosadiko hegoaldean eraikitzea onartu duen merkataritza gune handiaren aurka.

Arrosadia, Azpilagaña eta Iturramako bizilagunek sinadurak biltzeko kanpaina martxan jarri zuten atzo, Zaragoza etorbidean merkataritza gune handi bat jartzearen aurka. Proiektua Iruñeko Udalaren aurreko osoko bilkuran onartu zuten, Navarra Suma eta PSNren aldeko botoekin; EH Bilduk eta Geroa Baik aurka bozkatu zuten.

Kanpainaren leloa da Merkataritzarik gabeko auzoa bizitzarik gabeko auzoa da. Lagun diezaiogun hurbileko merkataritzari. Izan ere, haien helburua da hurbileko merkataritza defendatzea, "auzoei bizia ematen diena" baita. "Azalera handien sustapen planei aurre egiten dien eredua", gainratu dutenez.
 
Sinadura bilketa hiru auzo horietan hasi da, modu presentzialean, hainbat dendatan banatutako orriekin, eta baita modu digitalean ere, eta hiriko gainerako tokietara zabalduko da. Babes horiek Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan aurkeztuko dituzte.
 
Auzo "triste eta grisen" aurka

Ekimenaren bultzatzaileek ohar batean azaldu dutenez, pandemiaren ondoriozko krisiak gizartearen "egiturazko arazo handiak" agerian jartzeko balio izan du, besteak beste, kontsumo moduari eta tokiko merkataritzari dagozkionak: "Gure auzoetako kaleetatik paseatzea nahikoa da ikusteko zenbat pertsiana jaitsi diren, zenbat lokal huts dauden, zenbat kartel saltzen diren, lehen fruta dendak, mertzeriak, ile apaindegiak, arropa dendak edo argiztapen dendak ziren horietan", salatu dute manifestuan. Horrek horrela jarraituz gero, auzo "triste eta grisak" bihurtuko direla ohartarazi dute. 

Dokumentuaren arabera, azalera handiak ezartzeko joera ez da hiriaren kanpoaldera mugatzen, auzoei eragiten die. "Gaur Iturrama, Azpilagaña eta Arrosadia auzoak dira, baina bihar zurea izan daiteke", azpimarratu dute.

Merkataritza-azalera berria eraikiko den lursaila Iruñea eta Galar arteko mugan dago, animalien arretarako zentroaren ondoan. 59.467 metro koadro ditu, eta horietako batzuk merkataritza azalera hartzeko erabiliko dira. Proiektu horren aurka agertu dira hasieratik auzotarrak eta merkatariak, hurbilen dauden auzoetako eta Iruñeko gainerako auzoetako gizarte eta ekoizpen sarean izan dezakeen eraginagatik.

Proiektuaren sustatzaileek, ELSARL SLk eta Jamyda Patrimonios SLk, hiru proposamen aurkeztu dituzte, eta horietan guztietan aurreikusten dituzte 6.100 eta 11.100 metro koadro arteko azalera komertzial handia, bulegoak eta egoitza bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!