2003a zen, Euskaldunon Egunkaria itxi berri zuten, eta Musikaren Sarien emanaldia zuzentzea egokitu zitzaion ‘Sisiforen Paperak’ antzezlaneko zuzendari Fernando Bernuesi. Kanturik onenaren saria jasotzera altxatu zen Fermin Muguruza, eta, hedabidearen itxiera salatu zuenean, txistuka hasi zitzaizkion. Une horretan erabaki zuen Bernuesek gaiari buruzko zerbait eginen zuela inoz. Duela bost urte sortu zitzaion aukera, eta Harkaitz Canorengana jo zuen horretarako. Iragarritako itxialdi baten kronika idaztea egokitu zaio, eta aitortu duenez gertakariak antzerkira eramateko trikimailua aurkitzea izan da zailena harentzat. Idazketa, xake partida bat bailitzan, zaldia izan da Cano: "Aurrera eta albo batera egin dut, ez da kronika bat, fikzioa gehitu diot errelatoari". Idatzizko kazetaritzari omenaldia egin nahi izan dio Canok, eta ogibidearen baitan topatu du antzezlana mugiariarazten duen hipotesia: "Zer gertatzen da kazetari bat, zeinaren lana galderak egitea den, galdekatua denean?".
Mireia Gabilondo, Anjel Alkain, Joseba Apaolaza, Kepa Errasti, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia, Iñigo Azpitarte, Alexandru Stanciu eta Iñaki Rikarte aktoreek gorpuztuko dute obra.