Iruñerrian izandako atxiloketen aurkako salaketa masiboa, Arrotxapea auzoan

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 10a, 09:35
Larunbateko manifestazioaren une bat. (@AhotsaInfo)

Ehunka pertsona atera ziren larunbatean kalera, apirilaren 27an Iruñerrian atxilotutako gazteei elkartasuna adierazi, eta polizia operazioa salatzera. 

Arrotxapean eta Burlatan hamar gazte atxilotu eta bi astera, manifestazio jendetsua egin zuten larunbatean Arrotxapeako kaleetan zehar, helburu nagusi batekin: atxilotuei elkartasuna adieraztea. Polizia operazioa amaitu bada ere, prozesu judizialak aurrera jarraitzen duela salatu zuten, akusazio "oso larriekin".

Ehunka gazte eta bizilagun atera ziren kalera, atxiloturiko auzokideei babesa adierazi eta operazioa salatzeko, beraz, eta martxaren amaieran salatu zuten epaitzen ari direla "jarduera politikoa baino ez" dela. 

Polizia operazioa, "jazarpen eta errepresioaren lehendabiziko pausua" izan zela gogoratu zuten, eta orain prozesu judiziala iritsiko dela, delitu larriak leporatuta, alde kriminala osatzea egozten baitie Espainiako Poliziak atxilotutakoei.

Arrotxapea auzoko bizilagunek kritikatu zuten "kuadrilla bat talde kriminal" bihurtu nahi izatea, argi eta garbi esan zieten mutilei hemendik aurrera ez direla bakarrik izango.

Polizial ugari izan zen larunbat arratsaldean Arrotxapean, eta horri ere erreparatu zioten manifestariek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!