Arrotxapeko gazteen aurkako polizia operazioa salatzeko manifestazioa egingo dute bihar

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 7a, 07:18
Atxilotutako gazteen senide eta lagunak, asteartean Arrotxapean egindako agerraldian.

Kritikatu dute auzoko lagun talde bat besterik ez zena talde kriminal bihurtu nahi izan dutela. 18:30ean Arrotxapeko plaza gorritik abiatuko dute protesta, Erasoen aurrean, klase elkartasuna! lelopean.

Gazte Koordinatzaile Sozialistaren inguruko "kale borroka" talde bateko kideak direlakoan joan den astean atxilotu zituzten hamar gazteen senide eta lagunek manifestaziora deitu dute larunbat biharko Iruñeko Arrotxapea auzoan, operazioa "zentzugabekeria" dela salatzeko.

Senideek eta lagunek kritikatu dutenez, "auzoko lagun talde bat besterik ez zena talde kriminal bihurtu nahi izan dute". 18:30ean Arrotxapeko plaza gorritik abiatuko dute protesta, Erasoen aurrean, klase elkartasuna! lelopean.

Atxilotutako gazteen gertuko pertsonek agerraldia egin zuten asteartean, eta salatu zuten polizia operazioa "neurriz kanpokoa" izan zela. "Oraingoan Arrotxapea jo dute bereziki, eta hori ez da kasualitatea, baina auzo jakin batetik haratago doa. Jarduera politikoari buruzko txosten polizialak egiteaz ari gara, sistematikoki zaintzen, monitorizatzen eta inolako lotsarik gabe jazartzeaz".

Haien ustez, pandemiaren testuinguruan agerian gelditu da gizartea hainbat mailatan "krisi sakonean" dagoela. "Eta klase menderatzaileak herritarrak kontrolatuta eta diziplinatuta izatea erabaki du, gerra ideologikotik hasi eta hertsaduraraino eta indar puru eta gogorreraino".

"Salbuespena arau bihurtu da eta neurri autoritarioekin batera indar polizialen inpunitatea eta boterea areagotu dira", gaineratu zuten. Horiek horrela, argi utzi zuten ez dituztela erasoak onartuko eta "klase elkartasunaren bidez bat egiteko" deia egin zuten, "horrelako egoerak deslegitimatzeko eta eragozteko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!