Julio Soto, Saioa Alkaiza eta Sarai Robles idazleek parte hartuko dute solasaldian, eta Uxue Rey Berria egunkariko kazetariak gidatuko du. "Ekitaldiaren asmoa izanen da 2020ko edizioan irabazle izan diren horien azalpenak eta hausnarketak aditzea, eta aitortza ematea, bai lehiaketari berari, bai idazleei, baita, noski, haien lanei ere", azaldu du Reyk.
Iruñeko Udalak urtero antolatzen du Literatur Lehiaketa, hiru sari banatzen ditu modalitateko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Horrez gain, 250 euroko aipamenak ematen ditu. 2020an lehiaketak poesia eta narrazioa modalitateak besterik ez zuen izan. Lehenengo modalitaterako hamabi lan jaso zituzten eta bigarrenerako, hamaika.
Gaur hizpide izango duten edizioa, gainera, sariketaren 30.a da. "Ibilbide luzeko lehiaketa da, eta horri buruz ere mintzatuko gara", aipatu du aurkezleak.
Lan irabazleak
Saioa Alkaizak Ez dago hondoratzerik lanarekin narrazioko lehen saria jaso zuen. Belaunaldi desberdinetako bi emakumeren ahotsen bitartez egindako narrazio bat da, zeinean denboraren joanari eta horren onarpenari buruz mintzatzen den. Poesiaren atalean, Alkaizak bigarren saria eskuratu zuen, kasu horretan ere denboraren joanaz mintzatzen den lan batekin: Helduaroaren bezperan.
Sarai Roblesek espetxera sartu behar denaren atzera-kontaketa jaso zuen Bost egunotan narrazioan, eta hirugarren saria jaso zuen.
Julio Sotok, berriz, Giza geografia lanarekin jaso zuen poesiako lehen saria. Epaimahaiaren hitzetan, olerki iradokitzaileak dira, oraina, iragana eta geroaren artean jauziak egiten dituztenak, eta galdera existentzialei erantzuten saiatzen direnak, galdera berriak erantsiz.
Gai ezberdinak, beraz; baina lotura batzuk ere badituztenak, Reyk nabarmendu duenez: "Denboraren zama dute hizpide, kartzela ere bai, galdera oso iradokitzaileak ere badituzte... eta, batez ere, kontrasteak izango ditugu hizpide".
Solasaldia arratsaldeko 19:00etan izango da, Kondestablearen jauregian, eta edukiera mugatua izango da.