"Kolonbiako herriaren kontrako errepresio bortitza" salatzeko mobilizazioa eginen dute bihar

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 5a, 16:22
Argazkia: Ahotsa.info

“Kolonbiako herriaren kontra erabiltzen ari diren biolentzia justifikaezina” gaitzesteko Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatzeko deia egin dute sindikatuek, ostegunean 18:30etan.

Apirilaren 18an hasi ziren Ivan Duque Kolonbiako presidenteak proposatutako zerga-erreformaren aurkako protestak. Izan ere, kritika ugari jaso ditu, besteak beste, pandemia betean errentaren eta oinarrizko produktuen gaineko zergak gehitzea proposatzen zuelako. 

Duquek herrialdeko hiri nagusiak militarizatu ditu, protestak gelditzeko helburuarekin eta 19 hildako, 800 zauritu eta 87 desagertu baino gehiago izan dira. Hainbat erakundek Poliziak gauzatutako hilketak, atxiloketa arbitrarioak eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte.

Asteburuko tentsio uneen ondoren, astelehenean Duquek zerga-erreforma bertan behera uzteko erabakia plazaratu zuen, eta egun bat geroago erreformaren egileetako eta Ogasun ministroa zen Alberto Carrasquillak bere kargua uztea erabaki zuen. 

Hala ere, mugimendu sozialek protestan jarraitzen dute, eta Poliziaren jazarpena eta gehiegikeria salatzeko deialdia egin dute kaleetan. Izan ere, zerga-erreforma ez da protestak piztu dituen arrazoi bakarra. 2019ko azaroan hasi zen greba orokorra Kolonbian Ivan Duqueren gobernuaren aurka, Bake Prozesua martxan jartzeko, indigenen eta lider sozialen aurkako sarraskiak gelditzeko eta eredu ekonomikoa aldatzeko eskatzen baizioten. Pandemiak protestak geldiarazi zituen arren, zerga-erreformak eta pandemiak eragindako osasun eta ekonomia krisiak berriz piztu ditu mobilizazioak.

"Kolonbian bakearen, bizitzaren eta demokraziaren alde " lelopean, Hego Euskal Herriko sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte Donotian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, Kolonbian gertatzen ari den "herritarren kontrako errepresio bortzitza" salatzeko. ELA, LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, STEILAS, CGT Nafarroa, EHNE Bizkaia, EHNE Nafarroa, Etxalde eta Hiru-k ohar bateratua zabaldu dute, besteak beste, protesta eta disidentzia politikoaren kriminalizazioa salatuz, apiriral 28ko greba orokorreko aldarrikapenak babestuz, eta Kolonbiako bakearen, bizitzaren eta demokraziaren aldeko konpromisoa adieraziz. 

Hala, ostegunean, maiatzaren 6an, arratsaldeko 18:30etan mobilizazioetara joateko deia zabaldu dute. Iruñean Udaletxe plazan, Bilbon Arriaga Antzokiaren parean, Donostian Bulebarreko kioskoan eta Gasteizen Correos plazan elkartuko dira. 

Albiste hau Argiak argitaratu du

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!