Navarra Sumaren udal gobernu taldeak, PSNren babesarekin, etxez etxeko arreta zerbitzua kudeatzeko enpresa publiko bat sortzea erabaki zuen duela bi aste. Gaur egun udalak kudeatzen du zuzenean, aurreko legegintzaldian hala erabaki ondoren. Maria Caballero Gizarte Zerbitzu, Gizarte Ekintza eta Kirol zinegotzi delegatuaren esanetan, zerbitzua "hobetzeko" egin dute aldaketa.
Itxuraz, kudeaketaren aldaketak ez luke zertan eraginik izan zerbitzuan, baina praktikan, lehen urratsa da, pribatizaziorako bidean, langileek salatu dutenez. Azaldu dutenez, Navarra Sumak eta PSNk diote zuzeneko kudeaketa oso garestia dela; eta beraz, orain, gastuak gutxitzeko, eskubideak eta lan baldintzak murriztuko dizkietela uste dute.
Horren aurrean greba egitea erabaki dute, jakin arren zerbitzua jasotzen duten pertsonek kalteak pairatuko dituztela; baina haien alde egingo dute protesta, zerbitzua okerrera egiteak haiengan duelako kaltea. 11n eta 17an izanen dira hurrengo lanuzteak.