“Etxekoak” lanean euskaldunok atzerritarrekiko dugun begirada jorratu zuen Artedramak. Orain, ordea, atzerritarrek gurekiko duten begiradari jarri dio fokua. Aurora Mora aurkituko du ikusleak agertokiaren gainean. Performerra da eta sorkuntza betean da. Baina bizitza aldaraziko dion dei bat jasoko du: sorterrira itzultzea nahi dute senideek.
Fikziozko pertsonaia da Aurora, baina ez dira hutsetik abiatu: Laura Penagos aktorearen gogoetak dira. Ander Lipus antzerkilariari kontatu zionak piztu zuen, hain zuzen, obraren lehen ideia.
Kolonialismoa, arrazakeria, kulturaren galera eta generoa uztartzen ditu obrak. Penagosen bizipenak dira, baina Aurora Morak kontatzen ditu. Haren inguruan joan-etorrian diren hainbat pertsonaia gorpuzten ditu Lipusek: ama, ahizpa, amona indigena, Kepa mutil laguna, eta honen aita. Amancay Gaztañaga arduratu da, berriz, obra zuzentzeaz.
Arratsaldeko zazpietan izanen da saioa, eta aurretik, Ander Lipus aktorearekin mintzatuko gara gaiaz Irrintzi Plaza saioan.