Peñen federazioak uko egin dio Maiarekin elkartzeari: "Dakiguna esateko bildu dute mahaia"

Euskalerria Irratia 2021ko api. 30a, 08:13

Aldebakartasunez jokatzea egotzi zioten Enrique Maia Iruñeko alkaterari sanferminetako mahaian bildutako kolektiboek.

Peñen Federazioak sanferminetako mahaira ez joatea erabaki du. Astelehenean iragarri zuen Enrique Maia alkateak bertan behera utzi dituztela bigarren urtez sanferminak, eta Peñen Federazioak ordu laurden lehenago jaso zuen jakinarazpena. "Aurten, iaz bezala, sanferminetako mahaia osatzen dugun kolektibook, alkateak deitutako prentsaurrekoa baino minutu gutxi batzuk lehenago jakin genuen hartutako erabakia, eta une horretan bertan jakinarazi ziguten gaurko sanferminetako mahaiaren deialdia".

Sanferminetako mahaiara deitzeko galdegin du federazioak azken hilabeteetan behin baino gehiatan, eta udalaren gehiengoak deialdia egiteko eskatu zion Navarra Sumari. "Gobernu Taldeak entzungor egin zion eskaerari", deitoratu du federazioak. "Horregatik, bilera batera ez joateko erabakia hartu dugu. Bilera horretan, dakiguna esango digute", argudiatu dute.

Mahaiaren bileran, Maiak berriro errepikatu ditu pandemiaren erruz jaiak bigarren urtez jarraian bertan behera utziko zituztela iragarri zuen asteleheneko prentsaurrekoan erabilitako justifikazio berberak. Inork ez dio eragozpenik jarri erabakiari, baina  hainbat kolektiboren kexak entzun zituen atzo alkateak. Alde bakartasunez jokatzea egotzi zioten. Maiak onartu zuen ez duela errespetatu Mahaia biltzeko konpromisoa, filtrazioak egon zitezkeela argudiatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!