Zaldi lasterketak, Navarra Sumaren festa eredu berria

Euskalerria Irratia 2021ko api. 29a, 13:27

Nafarroako hipika federazioak egindako azken txapelketa.

Iruñeak 400 kultur jarduera hartuko ditu udan, tartean, hipikako sariketa bat eta munduko xake txapelketa. Etorkizunerako sanferminetarako eredua ezarri nahi du jarduerekin eskuineko hirukoak: "Turistikoki bisitari profil interesgarria erakarriko dute".

Festa eredua aldatu nahi du Navarra Sumak eta hasi da etorkizuneko sanferminetarako oinarriak ezartzen. Aurten ez da sanferminik ospatuko Iruñean, ez behintzat, ohiko moduan. Udalak, hala ere, antolatu du ekitaldirik udarako eta arrandia handiz aurkeztu ditu. Iruñea xakearen "munduko hiriburua" bilakatu nahi du Navarra Sumak  eta "Nafarroako hipikaren historiako ekitaldirik jendetsuena" egin nahi du irailean . "Turistikoki bisitari profil interesgarria erakarriko dute jarduerek", aitortu du Maria Garcia Barberena zinegotziak. 

Ekainaren 26tik uztailaren 14ra bitartean "Munduko San Fermin" txapelketa eginen da, SanFerfoodek garatutako 'La Fiesta Inteligente' saioaren barruan. Sanferminak izango ditu oinarri eta, udalak azaldu duenez, tradizio, gastronomia, kirol eta arte programazio mistoa izango du. Lehen partidak online egingo dira eta Chess24 plataforma digitalak emango ditu. Lau sailkatuek uztailaren 6tik 14ra jokatuko dute munduko eliteko 4 gonbidaturekin batera, Magnus Carlsen izan ezik, honek online eta streaming bidez jokatuko baitu, baina Iruñetik. Txapelketa "hainbat hizkuntzatan" emango dela azaldu du udalak. "Oihartzun sozial eta mediatiko handia espero da". San Ferminei buruzko ibilbide tematikoa ere eginen dute Ziudadelako erakusketa aretoetan.

Uda honetako beste ekitaldi "berritzaile" bat Iruñeko Harresien 2021eko Hipika Sari Nagusia izango da. Irailean izango da, eta proban Espainiako eta nazioarteko 1.500 parte-hartzaile baino gehiago ariko dira, 7 urtetik 65 urtera bitartekoak. Horiei teknikariak, zaleak, laguntzaileak edo babesleak gehitzen bazaizkie, 2.000 lagunetik gora izango dira parte hartzaileak.

Udala ziklo berri bat antolatzen ari da, gainera, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin. Ez da kalejirari izango, baizik eta esparru mugatuetan egingo dira saioak, edukiera kontrolatuta eta jendea eserita dagoela. Pamplonesa Musika Bandarekin ere lanean ari da udala, hainbat saio programatzeko. 

Musika aretoak kalean, Pim Pam Ville eta Kantu eta Hitza zikloak ere izanen dira uda honetan hirian. Auzoetan berriz, musika emanaldiak eginen direla azaldu dute. 

Iruñeko Udaleko PSNren taldeak Navarra sumaren "aldebakartasuna" kritikatu du udarako programazio kulturala egiteko, eta, gainera, "proposamen berritzaile eta abangoardista baten falta" salatu du, "Iruñeko herritarrei alternatiba berri bat eskaintzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!