Iruñeko Udaleko etxez etxeko arreta zerbitzuko langileak greban dira

Euskalerria Irratia 2021ko api. 29a, 12:02
Etxez etxeko zerbitzua ematen duten langileak, gaurko mobilizazioan.

Iruñeko Udaleko etxez etxeko arreta zerbitzuko langileak lau greba egun egiten ari dira, salatzeko Udalak enpresa publiko bat sortu duela zerbitzua kudeatzeko, eta pribatizaziorako bidean lehen pausoa izango dela. Gaur izan dute lehen greba eguna.

Navarra Sumaren udal gobernu taldeak, PSNren babesarekin, etxez etxeko arreta zerbitzua kudeatzeko enpresa publiko bat sortzea erabaki zuen duela bi aste. Gaur egun udalak kudeatzen du zuzenean, aurreko legegintzaldian hala erabaki ondoren. Maria Caballero Gizarte Zerbitzu, Gizarte Ekintza eta Kirol zinegotzi delegatuaren esanetan, zerbitzua "hobetzeko" egin dute aldaketa.

Itxuraz, kudeaketaren aldaketak ez luke zertan eraginik izan zerbitzuan, baina praktikan, lehen urratsa da, pribatizaziorako bidean, langileek salatu dutenez. Azaldu dutenez, Navarra Sumak eta PSNk diote zuzeneko kudeaketa oso garestia dela; eta beraz, orain, gastuak gutxitzeko, eskubideak eta lan baldintzak murriztuko dizkietela uste dute.

Horren aurrean greba egitea erabaki dute, jakin arren zerbitzua jasotzen duten pertsonek kalteak pairatuko dituztela; baina haien alde egingo dute protesta, zerbitzua okerrera egiteak haiengan duelako kaltea.

Greba egunak banaturik egitea erabaki dute: lehena gaur izan da, eta hurrengoak maiatzean izango dira: 5ean, 11n eta 17an.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!