Aurreko gobernu-taldeak bultzatutako Iruñeko haur eskoletarako Lan-Eskaintza Publikoa baliogabetu zuen Enrique Maia alkateak. Horren ondorioz, euskarazko kontratazio-zerrendak agortuta daude gaur egun, eta ez dago ordezkapenak egiteko euskara-eskakizuna duen hezitzailerik. Egoerari irtenbidea aurkitzeko bi urte izan ditu udal gobernuak, baina LABek salatu duenez, "eskaini duten irtenbide bakarra euskara eskatzen duten lanpostuetara euskara-eskakizunik gabeko jendea bidaltzea izan da".
Egoera euskarazko murgiltze eredua duten eskola guztietan gertatzen ari dela ziurtatu du sindikatuak: "Beste behin ere, gobernu honek gure hizkuntzarekiko duen ezinikusia eta gutxiespena agerian geratzen da ikasgeletan, txikienei, haien familiei eta eskoletako langileei eraginik; euskarazko eskaintza eskasa eta honek euskarazko eredua hautatzen dutenei jartzen dizkien oztopoak gutxi ez balira, hizkuntza-eskakizuna eta familiek egindako hautua gutxietsi egiten dituzte". Aldaketaren udal gobernuak martxan jarritakoa eta, zehazki, "haur-eskoletako plantilla egonkortzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko emandako pausuak" baliogabetu nahi dituzte Navarra Sumak eta PSNk sindikatuaren iritziz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!