Joseba Asiron: "Sanferminen inguruko iragarpenaren atzean protagonismoa lortzeko estrategia bat dago"

Euskalerria Irratia 2021ko api. 27a, 11:30

EH Bilduren udal eledunaren ustez, Enrique Maiak protagonismoa lortzea eta beste erabaki batzuk estaltzea izan du helburu Sanferminen inguruko iragarpenarekin: "Sanferminen mahaira deitu behar zuen, baina Maiak pentsatzen du gainetik pasa daitekeela; uste du hiria berea dela". Garrantzitsutzat jo du Sanferminak, itzultzen direnean, "herrikoiak izatea”.

Joseba Asiron EH Bilduren udal bozeramaileak onartu du harentzat ere “gogorra dela” aurten Sanferminik ez izatea: “Seguruenik Maia baino okerrago pasatzen ari naiz, bera ez baita oso Sanfermin zalea”. Zehaztu du Iruñeko festen alde herrikoia dela faltan gehien botako duena.

Festen inguruko iragarpena Sanferminetako mahaia bildu baino hiru egun lehenago egin du alkateak. Erabaki horri lotuta, Asironek esan du “zaila” dela pentsatzea nola egin daitezkeen gauzak “hain gaizki”. Protagonismoa lortzeko helburua duen estrategia bat dela uste du: “Otsailaren 2an osasun agintariek esan zioten ez zela jaietarako momentua; baina egon da unea bilatzen, bere ahotsa ahalik eta gehien erakusteko. Lehenik Sanferminen mahaira deitu behar zuen, bertan ordezkatuak baitaude eragile guztiak, baina Maiak pentsatzen du gainetik pasa daitekeela; uste du hiria berea dela, enperadorea-edo dela”.

Udalak zabaldu zuen bideoari lotuta –soilik gaztelaniaz-, adierazi du “tristea” dela, eta Navarra Sumak hiriarekiko duen “ikuspegi monolinguistikoaren” isla ere badela.

Sanferminak itzultzen direnean, bizitako pandemiak eragina izango duela uste du Asironek, baina normala ikusten du: “Herri baten jaiak dira gizarte horren isla; beraz, horrek ez nau kezkatzen”. Garrantzitsutzat jotzen du “itzultzen direnean, herrikoiak izatea”.

Labrit eta Pio XII etorbidea

Erabakiaren iragarpena egin dute beste bi albiste eman dituzten egun berean: aurrera egingo dutela Labriteko zaldainarekin, eta atzera egingo dutela Pio XII. etorbideko aparkalekuekin. Asironen irudiko, “estrategia” bat dago horren atzean, eta erabaki horiek islatzen dute zein den Maiaren gobernatzeko estiloa: “Berriro ere beste bukle handi bat egingo dugu, gauzak hasiera batean zeuden modu berean uzteko. Hori gertatu zen Amaia kalearekin, eta gauza bera egingo dute Labritekin eta Pio XII.arekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!