Enplegu publikoa egonkortzeko neurriak eskatu dituzte ELA, STEILAS eta ESK sindikatuek

Euskalerria Irratia 2021ko api. 21a, 10:40
ELA, ESK eta STEILAS sindikatuen elkarretaratzea, gaur goizean. (@ELAnafarrroa)

Enplegu publikoaren indartzea eta behin-behinekotasunaren zuzenketa eskatzeko elkarretaratzea egin dute Nafarroako jauregiaren aurrean.

Hiru sindikatu horiek salatu dutenez, enpleguaren egoera "gero eta larriagoa" da Nafarroako administrazioetan: enpleguaren suntsitzea, ezegonkortasuna eta enplegu publikoa sortzeko borondate eza areagotzen ari dira, eta zerbitzu publikoak ahultzen dituen behin-behinekotasun mailak onartezinak dira. Era berean, plantillak handitzeko, ratioak hobetzeko eta lan kargak murrizteko beharra dago.

Horregatik, enplegu publikoaren "salbuespenezko egoerari" aurre egiteko legezko mekanismoak eskatu dituzte.

Nafarroako erakunde guztiei zuzendu dira, "gobernutik hasi eta azken udaleraino", beharrezkoak diren arau aldaketak bultzatzeko urratsak egin ditzaten, aparteko egonkortze prozesuak bideratzeko.

Horrekin batera, eskatu dute plantillen behar guztiak identifikatzeko eta horren arabera langile kopurua handitzeko; abian dauden enplegu publikoaren eskaintza prozesuetan kolektibo bakoitzaren beharren araberako ezohiko neurriak hartzeko; pribatizazio eta kanporatze politikekin amaitzeko; eta plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko planak egiteko.

Eskaera horiek bultzatzeko, Nafarroako sektore publikoko langile guztiei dei egin diete, mobilizazio bateratuen dinamikan "modu aktiboan" parte har dezaten, enplegua publikoa finkatzearen alde.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!