Golem zinemetan, Biziprest gehiago gara dokumentala estreinatuko dute gaur arratsaldean. Iñaki Alforjak zuzendu du, Euskaltzaleen Topaguneak ekoiztu, eta Nafarroako Gobernuak babestu. Adin eta motibazio ezberdinak dituzten pertsonak dira protagonista, Iñaki Castillo, Miriam Balmaseda, Yasmine Khrish Maansri eta Iñigo Martinez; Berako harakina, Tuterako gaztea, Marsellan jaiotako jatorri marokoarreko emakumea eta Skabidean taldeko saxofoi jotzailea.
Haien esperientzien bitartez, 2020ko Euskaraldiak nafarrengan izandako eragina ezagutaraziko du dokumentalak; eta baita nafarrek nola bizi duten euskara eta Nafarroaren aniztasuna ere.
Golem Zinemetan izango dela estreinaldia, 19:00etan, eta sarrerak Internet bidez erreserbatu behar dira.