90 urte bete dira Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zutenetik, eta Iruñean nahiz Nafarroa osoan hainbat ekitaldi izango dira egunean zehar.
Izquierda Unida, Batzarre, Ahal Dugu eta Equo taldeek Ziudadelan egindako ekitaldian gogoratu nahi izan dute prozesu historiko hori demokrazian eta justizia sozialean “aurrerapen izugarria” izan zela.
Gaurko eguna “herritar demokratentzat” data garrantzitsua dela adierazi dute, eta faxismoa eta eskuin muturra gora egiten ari diren garaian, 1931an ezarritako errepublikaren baloreak goiraipatzeko beharra azpimarratu dute: “Berdintasuna, justizia sozialista, aniztasuna...”
“Gure herriak, oraindik ere, heltzear dituen gaiak ditu, adibidez faxismoaren aurrean askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatu zirenen erabateko aitorpena; baina, gaur egun Errepublika etorkizunaren eta itxaropenaren sinonimo da. Etorkizuna, itxaropena asetzeko gai ez den erregimen baten gainbeheraren aurrean, iraganera eraman nahi gintuztenen gorrotoaren aurrean eta egungo egoerarekin konformatzen direnen eta aurrerapenei beldurra diotenen aurrean”, adierazi dute.
Herrialde errepublikano baten alde lan egiteko unea dela adierazi dute, langileen bizitza ardatzean jarriko duena. Errepublikaz hitz egitea “justizia soziala bandera bihurtzen duen herrialde ekologista, feminista eta pluralaz” hitz egitea dela diote; “justiziaz, demokraziaz eta askatasunaz” hitz egitea.