Miserikordia Etxeko langileek greba egingo dute apirilaren 21ean

Euskalerria Irratia 2021ko api. 9a, 08:57
Miserikordia Etxeko langileak, atzo.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek osatutako enpresa batzordeak salatu du egoitzaren zuzendaritzak ez dituela langileen eskaerak aintzat hartu hitzarmen berriaren negoziazioan. 

Sindikatuek atzo azaldu zutenez, pandemia hasi zenetik, Iruñeko Miserikordia egoitzak, sektoreko gehienek bezala, kalte nabarmenak pairatu ditu, kutsatu ugarirekin, eta baita heriotzekin ere. Horrek langileen baldintzetan eragina izan du.

 “Langileek pandemia euren azalean jasan dute, eta arriskuan jarri dute beren osasuna eta familiarena. Arrisku fisikoak, psikikoak eta ekonomikoak daude, eta horiek guztiek neurri txikiagoan irauten dute gaur egun ere. Lan hau oso gogorra izan da, eta gaur egun ere bada, bai arlo fisikoan eta baita emozionalean ere”, adierazi dute.

Egoera horretan, iazko martxoan hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasi ziren. Bi bilera izan zituzten enpresekin, baina, salatu dutenez, haien proposamena “inposatzen” saiatu da. “Zuzendaritzak bi bide ezartzen dizkigu: bata, negoziatzeko aukerarik gabe, hitzarmena bi urtez izoztea, hobetzeko bermerik gabe, eta, bigarrena, oinarrizko eskubideak ezabatzea, hala nola antzinatasuna eta egutegiaren banaketa, biak ala biak Iruñeko miserikordia etxean duela urte asko lortutakoak”.

Enpresa batzordeak aho batez errefusatu ditu zuzendaritzaren proposamenaren formak eta mamia, eta zuzendaritzaren jarrera “oldarkorra” ikusita, mobilizazioaren alde egitea erabaki dute. Hala, greba egun bat antolatu dute, hilaren 21ean, lan txanda guztietan.

“Gure asmoa negoziatzen jarraitzea da, harik eta langile guztien lan baldintzak onartu eta hobetuko dituen hitzarmen bat lortu arte. Oso urte gogorra izan da, eta plantillaren profesionaltasuna frogatu da. Enpresak ahalegin hori aitortu behar du, bidezko eta beharrezko hitzarmen bat sinatuz”, laburbildu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!