Atzeratutako “Koxkak” antzezlana martxoaren 31n eskainiko du Pez Limbo konpainiak

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 23a, 14:43
Bihar, asteazkenarekin, IrriZiklok “Losers - Galtzaileak” eskainiko du Nafarroako Antzerki Eskolan, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolaren eskutik.
 

IrriZiklo euskarazko umore-zikloa astebetez luzatuko da, martxoaren 31ra arte, asteazkenarekin, Pez Limbo konpainiaren “Koxkak” antzezlana taularatu ahal izateko, zeina joan den martxoaren 10ean geroratu behar izan baitzen. Data berri horretan ordutegia eta tokia mantenduko dira –19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan–, baita sarreren prezioa ere: 4 euro. Sarrerak www.laescueladeteatro.com webgunean  eta NAEko txarteldegietan eros daitezke.

“Koxkak” antzezlanak hiru istorio desberdin, ezohiko hiru egoera, eta hiru korapilo kontatzen ditu, hiru pieza laburren bidez, umorea ezaugarri nagusitzat hartuta. “Tripaki salda. Umore traidore xerra bat” antzezlanak, Raúl Camino eta Begoña Martín Treviñorekin, kinka larrian dagoen emakume baten istorioa kontatzen du, zeinak bere konfiantzazko harakina izan zenarengana jotzen baitu ezohiko zerbait eskatzera. Egoera larria da, are gehiago bertan dauden beste pertsona batzuk ‘bat-bateko triskantza’ baten lekuko bihurtuko direlako. 

Oilo ama. Ernaldiko umore nahasia” lanean, istorioa mediku-kontsultategi batean kokatzen da. Haurdunaldi luze baten istorio motz bat da, Josune Vélez de Mendizábal eta Aitor Pérezekin: semearekin lotura handia duen ama bat eta toki okerrean dagoen mediku bat. Azkenik, “Boxers. Umore txakurra” lanean, Raúl Camino eta Aitor Pérez kontu klandestino baten erdian dauden bi lagun dira, eta horri esker dirua “erraz” irabaz dezakete, edo, aitzitik, galbidera eraman. Oso gutxi dute, gauza solte gutxi batzuk, txakur-mamu bat eta izen faltsu batzuk, baina euren esku dagoen guztia eginen dute ikuskizun on bat eskaintzeko.

Umoredun galtzaileak

Bihar, asteazkenarekin, IrriZiklok hitzordu berria du Nafarroako Antzerki Eskolan “Losers – Galtzaileak” antzezlanarekin, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolaren eskutik, bi telebistako aurpegi ezagun eta aintzatetsiak ETBn, estatu mailako kateetan eta zineman egindako lanengatik. Emanaldia 19:00etan hasiko da, sarrera 4 euroan salgai dago, www.laescueladeteatro.comwebgunean edo NAEko txarteldegian.

Imanol eta Sarak berrogei urte inguru dituzte eta ez dute gizartearen ustez adin horretan eduki behar luketen ezer. Ez seme-alabarik, ez bikotekiderik, ez dirurik, ez etxerik... Horregatik galtzailetzat jotzen dituzte beren buruak. Uste dute ezinen direla aurrera atera, ez dutela zoriontsu izatea merezi. Baina oker daude, mundu guztiak duelako zoriontasunerako eskubidea, eta zoriontsu izatea ez dagoelako ondasun materialen edo moden mende. Gure esku dago, gure beldurrak eta mugak gainditzea. Imanol eta Sara bakarrik daude, baina horrela egoteari utzi nahi diote. Zoritxarrekoak dira, baina hori izateari utzi nahi diote.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!