Zezen plazaren inguruan aldi baterako hamar terraza jartzea onartu du udalak

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 12a, 12:24

Estafeta kaleko tabernek izango dute lehentasuna.

Covid-19 Batzordeak ostiral honetako bileran onartu du aldi baterako hamar ostalaritza-terraza jartzea zezen-plazaren inguruan. Guneak esleitzeko, Estafeta kaleko establezimenduek izango dute lehentasuna, eta eskaera gehiago baldin badaude, horiek esleitzeko zozketa egingo da. Zozketa horrek, halaber, kokalekua aukeratzeko lehentasuna ezarriko du.

Taberna lizentzia duen Miserikordia Etxeak terraza bat izateko interesa agertu du egoitzarako sarrerak izan ahal izateko. Proposamena Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen gehiengoaren akordioarekin onartu dute, eta EH Bilduk kontrako iritzia agertu du. Terrazak zezen plaza barruan jartzeko proposamena aurkeztu du alderdi abertzaleak.

Iruñeko Udalak jakitera eman duenez, ostiral honetan onartutako ekimenak kontuan hartu ditu Alde Zaharrean terrazak aldi baterako ezartzeko batzordeak adostutako irizpideak; izan ere, horien arabera, oinezkoentzako kaleetan terrazak instalatu ahal izango dira establezimenduaren aurrealdean ez dauden beste leku batzuetan, eta laguntza-instalazio bat izango dute.

Udalak, salbuespen gisa, antzeko erabaki bat hartu zuen Sarasate pasealekuan sortutako oinezkoentzako gune berrian terrazak jartzea onartu zuenean, San Gregorio, San Nikolas, Lindachikia eta Comedias kaleetako ostalaritza-establezimenduetarako. Estafetan bezala, ezin dute terrazarik izan kaleetan, dituzten ezaugarriengatik.

Ekainaren 30ra arte izanen dute baimena

Terraza zabalik egon ahal izango da apirilaren 1etik ekainaren 30era arte, eta data hori luzatu ahal izango da Udalak egoki irizten badio. Terrazen instalazioak erraz desmuntatu ahal izango dira, zezen-plazan ekitaldi bat antolatzen bada bertan behera utzi ahal izateko. Ordutegia 9:00etatik 23:00etara izango da, baina Covid-19ren prebentzio-araudira egokitzeko mugatu ahal izango da. Ezin izango da musika-emanaldirik edo -girotzerik egin.

Terraza horiek eskuratzeko, tabernek ezin dute mahai baxuetako terrazarako baimenik izan. Terraza bakoitzak 4x8 metro inguruko azalera izango du, eta 8 mahai eta 32 aulki jarri ahal izango dira. Energia izango duen 4x2,50 metroko laguntza-instalazio bat izango du, baina ez du ez ur korrontearen ez hustubidearen hornidurarik izango.

Terraza guztien estetika bateratua izango da eta Udalaren oniritzia izango du. Udalak komun batzuk ditu Arrieta kalean, 21:00ak arte zabalik egoten direnak, igande eta jaiegunetan izan ezik. Baimendutako terrazen kontura ordainduko da komunak zaintzen dituzten langileen ordutegi-luzapena, edo Miserikordia Etxearekin kontratatu beharko da Zezen Plazako komunen erabilera. Gainera, terraza bakoitzak bere establezimenduko komunak irekita izan beharko ditu.

Datozen egunetan irekiko da interesa duten establezimenduek eskabideak aurkezteko epea. Zozketan parte hartzeko 1.000 euroko fidantza jarri beharko da. Hornidura elektrikoaren kostua baimendutako establezimenduek ordainduko dute. 

Bestalde, Covid Batzordeak partaidetza-prozesu bat abiaraztea erabaki du, herritarrek Compañia plazan dauden karpak luzatzeko eskaerari buruzko iritzia eman dezaten. Era berean, Nabarreriaren inguruan terrazaren proposamenari buruzko iritzia jasoko da berriro, irekitako parte-hartze prozesuak parte-hartze txikia izan baitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!