Hualdek Zabalzaren auzia argitzeko konpromisoa adierazi dio haren familiari

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 12a, 12:07
Idoia eta Lurdes Zabalza, Unai Hualderekin, Nafarroako Parlamentuan.

Parlamentuko presidenteak martxoaren 1ean onartutako adierazpen instituzionala eman die Mikel Zabalzaren arrebei. Orbaizetako gaztearen familiak babesa eskertu, eta aurrerapausoak emateko eskatu dute. 

Idoia eta Lourdes Zabalza, Mikel zenaren arrebek, Parlamentuko Presidenteari eskertu egin diote jasotako sostengua; talde guztiek aho batez babestu dutelako sendiak urte luzez aldarrikatu dute ideia: Mikel Zabalza torturapean hil zutela, Intxaurrondoko kuartelean.

Baina, horrekin aski ez, eta adierazpenetatik harago, aurrerapausoak eman behar dituela adierazi dute. “Eskertu diogu presidenteari, babes handia da Nafarroako Parlamentuko talde guztiek aho batez onartzea guk hainbeste denboran aldarrikatu dugun ideia hori, Mikel torturatuta hil zutela Intxaurrondon”, adierazi du Idoia Zabalzak.

Gogorarazi dute fiskaltzaren esku dagoela ikerketa zabaltzea, baina arlo politikotik bultza egin dezaketela, isilpeko dokumentuen legea aldatu dadin.

Unai Hualdek, bere aldetik, adierazpen instituzionalaren garrantzia azpimarratu du. Audioen agerpenak are premiazkoagoa egiten du, haren ustez, ikerketa. "Gizartean zalantzan dagoen bertsio bat dago, eta ebidentzia horiek are beharrezkoagoa egiten dute ikerketa hori egitea eta gertakariak argitzea".

Hemendik aurrera, administrazioek ikerketa bat abiarazteko beharrezkoak diren kudeaketak egingo dituztela adierazi du presidenteak. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!