Eliza eta bizikidetza lantzeko solasaldia eginen du Foro Sozialak Iruñean

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 24a, 14:16

Martxoko lehen lau astearteetan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan eztabaidarako saio bana eginen dute. Iruñean, martxoaren 9an izanen da, Tres Reyes hotelean, 19:00etan.

“Bizikidetza Demokratikoaren Eraikuntzarekiko Konpromiso Soziala” ekimena anbizio handiko prozesua da, 2020ko urriaren 17an abian jarri zena, Foro Sozial Iraunkorrean baitan izandako eztabaida eta gogoeten ondorioz. Euskal gizarte zibila aktibatu nahi dute, hainbat sektoretatik eta etorkizuneko ikuspegitatik ekarpenak egin ditzaten bizikidetza demokratikoa eraikitzeko.

Foro Sozialak prozesuaren erraztatzaile eta dinamizatzailearen papera hartu du, eta, ikuspegi horretatik, herritar guzitei irekitako postontzi bat sortzea sustatu dute, gogoeta prozesu honetan parte har dezaten. Horretarako harreman-erronda "aberats bat" egiten ari dira euskal eragile sozialekin. Datorren maiatzaren 16an, Bakezko Bizikidetzaren Nazioarteko Egunean, jasotako ondorio eta ekarpen nagusiak itzultzea da haien helburua.

Ekimen honekin beste urrats bat egin nahi dute ekimena sozializatzeko prozesuan. Martxoan zehar, bizikidetza demokratikoari buruzko elkarrizketarako eta gogoetarako hainbat gune antolatu dituzte. Bizikidetza modu integralean ulertuta bakea eraikitzea helburu duten gizarte zibileko hainbat sektoreren eztabaidak eta proposamenak jaso nahi dituzte. "Behetik gorako prozesu bat eraikitzen ari gara, ahalik eta sektore gehienetara iritsiz, konpromiso soziala eraikitzeko helburuarekin", adierazi dute.

Martxoko lehen lau astearteetan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan eztabaidarako saio bana eginen dute. Eliza eta bizikidetza izanen dituzte hizpide Iruñean, martxoaren 9an izanen da, Tres Reyes hotelean, 19:00etan. Nafarroako gotzaindegiko Mikel Garciandia eta Juana Indurain hizlariek parte hartuko dute.

Donostian, martxoaren 2an, komunikabideak eta bizikidetza izanen dute gaia; Gasteizen, martxoaren 16an, bizikidetzari kulturaren esparrutik begiratuko diote eta Bilbon, martxoaren 23an, gizarte-mugimenduak eta
bizikidetza izanen dituzte eztabaidagai.

Ekitaldieta parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, osasun-neurriak direla eta. Nolanahi ere, saioak streaming bidez emango dira Foro Sozial Iraunkorreko ohiko kanalen bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!