Poliziaren jazarpen "itogarria" salatu dute Mendillorriko gazteek

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 24a, 13:06

Azken hilabetean hamabi sarekada egin ditu poliziak Mendillorri auzoan. Egoera salatzeko manifestazioa eginen dute ostiralean, 17:30ean termometroaren biribilgunetik irtenda.

Hainbat taldetan parte hartzen ari diren Mendillorriko gazteek sare sozialetan salatu dute auzoak azken asteotan bizi duen "poliziaren presio itogarria", iragan larunbateko istiluen harira. Komunikatuan adierazi dutenez, "oso garrantzitsua" deritzote gertakariak haien ikuspuntutik ezagutaraztea: "Azpimarratu nahiko genuke joan den larunbatean gertatutakoak ez direla kasu isolatu bat. Pandemiaren ondorioz eta 'normaltasun berriaren' etorrerarekin eta poliziaren presentzia gero eta nabarmenagoa izan da gure kaleen artean. Gazteen bizitza publikoa eta soziala mugatua izaten ari da alderdi askotan (ez dugu alternatiba kulturalik, ez dugu elkartzeko tokirik, eta abar), eta egin dezakegun aisialdi apurra poliziaren presentzia itogarriak baldintzatzen du ".

Gazteen ustez, poliziaren presentzia horrek eta "agenteen jarrera autoritarioak" tentsio giroa sortu du auzoko herritarren artean. Azken hilabetean hamabi sarekada egin ditu poliziak. "Sarekada horiek txakur-patruilekin egiten dira, inolako arrazoi argirik gabe. Hedapen horiek egin dituzten gehienetan, ez zen araurik urratu, eta agenteek ezin izan dute irregulartasunik aurkitu", azaldu dute.

Larunbatean izandako liskarra ere azaldu dute oharrean: "Tentsio giro hori gorenera iritsi da larunbatean bertan hainbat agentek auzoko terraza batean erretzen ari zen gazte bat identifikatu nahi izan zutenean, legezko aginduak errespetatuz. Gazte hori, beste hainbat lagun bezala, identifikatu eta miatu egin dute azken asteetan, arrazoirik edo justifikaziorik gabe, eta ez du identifikatu nahi izan, azken asteetako joerarekin ados ez dagoelako. Une horretan, Poliziak bortxaz atxilotu zuen gaztea. Gazteak gertaeren lekura hurbildu ziren gazte horri laguntza ematera, eta poliziak, inolako arrazoirik gabe, hainbat pertsona spray piperbeltzarekin busti zituen, ondoeza eraginez eta une bateko ikusmena galduz. Hori izan zen segurtasun-indarren eta auzoko hainbat gazteren artean hurrengo orduetan izandako liskarraren eragilea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!