1.600 ikusle bildu ditu Iruñean Mendi Tour mendiko zine zikloak

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 12a, 13:42

'Mendian hil, hirian hil' dokumentalaren emanaldia, Iruñean.

Golem zinema aretoetan egindako saio guztietan agortu dira sarrerak.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiko mendiko film onenak erakusten dituen Mendi Tour zikloak 1.600 ikusle erakarri ditu Iruñeko Golem Baiona zinema-aretoetara. Mendiko zinema gero eta zinemazale eta mendizale gehiagorengana zabaltzen da, eta pandemia garaian, prebentzio neurri guztiak aktibatuta, Mendi Tourreko zifrek gorantz jarraitzeak kultur eskaintza honen arrakasta erakusten du.

Otsailaren 8tik 11ra bitartean hiru saio egin dira egunero, eta sarrera guztiak agortu dira. 11 filmez osatutako programazioaz gozatu ahal izan dute ikusleek. Azpimarratzekoa da horietako zortzik jaso zutela saria Mendi Film jaialdian, hau da, aurtengo egitarauak nazioarteko jaialdirik ezagunenetako baten palmaresaren zati handi bat ekarri du Iruñeara.

Mendi Film eta Golem zinema-aretoek abenduko Bilboko zinemaldi nagusian ere gorpuzten den harreman emankorrari jarraipena emanez antolatu dute ekitaldia. Bilbon, Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetan (Alhondiga) Mendi Filmeko Sail Ofizialeko filmen proiekzioa egin ohi da. Mendi Tour Pamplona/Iruñak bidelagun izan ditu Skimetraje Pirinioetako eski eta snow film laburren jaialdia, Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioa eta Poloniako Kultur Institutua Madrilen.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioa 2021eko abenduaren 3tik 12ra bitartean ospatuko da, eta hango film nabarmenenen aukeraketa Iruñera datorren urtean itzuliko da, seigarrenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!