150 sarrera gehiago jarri dira Gaiarre Antzokian salgai bihar izango den Bertso Egunerako. Nafarroako Gobernuak toki kopurua handitzeko baimena eman berri dio emanaldiari, eta, beraz, Bertso Eguna antzokian bertan jarraitu nahi duenak sarrerak eskuratzeko aukera du berriro: Gayarreko leihatilan eta www.teatrogayarre.com webgunean izango dira. Bertsozale Elkarteko bazkideok deskontua dute sarreretan.
Bestalde, online ikusteko sarrerak ere badaude: www.bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu ahal izango dira horiek.
2021eko lehen Bertso Eguna
18:00etan hasiko da Bertso Eguna Iruñeko Gaiarre Antzokian. Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak eta Ainhoa Larretxea gai-jartzailea elkartuko dira oholtzan. Ez dira protagonista bakarrak izango, Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere hartuko baitute parte emanaldian.
"Errealitateei beste ikuspuntu edo perspektiba batzuetatik kantatuko diegu. Abiapuntuak egiten baitu gaia, kantatzeko hautatu dugun lekuak aldatzen baititu esanahiak, kolektiboan aritzeak aldatzen baitu bakarka marraztu dugun errealitatea" aurreratu du aurrelanean aritu den Saioa Alkaizak.