Ikusmina sortu du Iruñean Ibil Bedi taldearen 'Beltxarga beltza' diskoaren aurkezpenak. Aurkezpena Katakraken eginen dute, martxoaren 13an. Kontzertu bakarra ziren eskaintzekoak, baina sarrerak 24 orduan agortu ziren, eta bigarren bat antolatu dute. Gaur jarri dituzte sarrerak salgai eta bi ordutan agortu dira.
Ibil Bediko kideek sare sozialetan zabaldu dutenez, "irrikaz" daude sortu duten bigarren diskoa erakusteko. "Kontuz, mimoz eta ilusioz" hamaika kantu landu dituzte. Urtarrilaren 29an sareratu zuten lehenengo kanta: Basozain. Otsailaren 26an izanen da Beltxarga Beltza lana kalean.
Jarraitzaleen artean hiru disko zozkatuko ditu Ibil Bedi taldeak. Paperezko zortzi beltxarga beltz utzi dituzte Iruñeko Alde Zaharreko zenbait txokoetan, eta topatzen dituztenek taldearen bigarren diskoa eskuratzeko aukera izanen dute. Sare sozialetan zabaldu dutenez, batzuk agertu dira dagoeneko.