Koroaren aurkako delitua leporatu diete Nafarroako hamabi laguni, urriaren 12an Felipe VI. Espainiako erregearen eta Cristobal Colonen estatuak eraisteagatik, Sortuk eta nazioarteko hainbat elkartek antolatutako Gora Herriak! ekitaldian.
Urtarrilaren 12an ziren deklaratzekoak, baina atzeratu egin zuten. Halere, auziperatuek aurreikusten zuten otsailean deituko zituztela berriro, eta hala izan da. Gaurtik ostiralera bitarte pasako dira epailearen aurretik, telematikoki, Iruñeko Justizia Jauregitik.
Han elkarretaratzea egin dute gaur, deklarazioen aurretik, 10:00etan, eta jendetza andana bildu da gazteei babesa emateko, eta adierazpen askatasunaren defentsan.
Ez da elkartasuna jaso duten lehen aldia. Prozesua hasi zenetik ugariak izan dira babes keinuak, eta besteak beste, urtarrilean manifestazio bat egin zuten Iruñean. Auzipetuak eskertuta agertu dira jasotako elkartasunarengatik.
Hasieratik salatu izan dute auziak “izaera politikoa” duela, kritika politikoa kriminalizatzen eta adierazpen askatasuna erasotzen duelako. Larritzat jotzen dute kritika politikoa egiteagatik Madrilera deklaratzera deituak izatea, salbuespenezko epaitegi batean.