Gizon bat atxilotu dute Iruñean, bikotekidea arma zuriz zauritzea egotzita

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 5a, 12:01

Eraso sexisten aurkako elkarretaratze bat, Iruñean.

Iruñeko Udaltzaingoak 19 urteko gizon bat atxilotu du, bikotekidea, 32 urteko emakume bat arma zuriz zauritu ostean, asteazken goizaldean. Emakumea zainketa intentsiboetako unitatean dago. 

Asteazkenean, otsailaren 3an, 01:30ak aldera, emakume batek poliziari dei egin zion, Arrosadiako etxebizitza baten barruan bikote baten arteko borroka izaten ari zelako. Udaltzaingoak ohar bidez azaldu duenez, gizonak arma zuriz eragin zizkion lesioak.

Iruñeko Udaltzaingoaren hainbat patruila bertaratu ziren, eta etxebizitzako zoruan emakume bat aurkitu zuten, bularraldean zauri bat zuela, bai eta gizon bat ere, bizkarrean eta hanka batean zauri bana zituela.

Premiazko osasun laguntza eskatu ondoren, emakumea eraman zuten, eta ebakuntza egin zioten. Ondoren, Nafarroako Ospitalguneko zainketa intentsiboetako uniteatean ingresatu zuten. Gizonezkoa ere ospitalera eraman zuten, eta zauri arinak sendatu zizkioten.

Gizona polizia etxera eraman zuten atxiloturik, "familia barruko tratu txarren ustezko delitu bat" egotzita. Atxilotua epailearen esku geratu da, eta espetxeratzeko agindu zuen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!