LAB, CCOO eta AFAPNA sindikatuek grebara deitu dute datorren otsailaren 12rako, Navarra Sumak, PSNren babesarekin, Iruñeko udal haur eskoletan bultzatu nahi duen eredu aldaketaren aurka.
Haur eskoletako langileen batzordeek zein zuzendariek hainbat arrazoirengatik kritikatzen dute Iruñeko Udalak egin nahi duen aldaketa, eta horietako bat da, aldaketak prestatzeko orduan ez dela eskoletako lan taldeen ez langile batzordeen parte hartzerik egon. “Ez zaigu, inondik ere, egokia iruditzen horrelako aldaketa sakonak ekar ditzakeen eskaintzaren prestaketan zuzendari, eskoletako lan talde eta langileen batzordeen parte hartzea bilatu ez izana eskoletan eguneroko lanean izan ditzakeen ondorioak aintzat hartu gabe”, adierazi dute.
Bestetik, salatzen dute planteamendua ez dela behar bezalako zorroztasunarekin diseinatu, eta aldaketek ondorio kaltegarriak izango dituztela, bai pedagogikoki, eta baita antolamendu aldetik ere. Arlo pedagogikoari dagokionez zalantza agertu dute hirugarren hezkuntza bat ezartzeari lotuta: “Euskarazko eskoletan atzerriko hizkuntza bat hain adin txikietan irakastearen egokitasunari buruz, euskara eskolako testuinguruan normalizazio-prozesuan dagoen hizkuntza izanik oraindik ere murgiltze-eredua behar duelako kalitatezko ikaskuntza bermatzeko”.
Antolamendu aldetik, traba nagusia lotuta legoke ingelesera eta euskara titulazio bikoitza duten hezitzaileak bilatzeko zailtasunarekin. “Eskaintza berri honek titulazio bikoitza duten hezitzaileak behar ditu, C1 euskara eta B1 ingelesa, eta gaur egun ordezkapen zerrendak ia agortuta daude. Nola beteko dira lanpostu horiek? Zer egoeratan geratzen dira aldaketak egingo diren ikastetxeetako langileak?”.
Arrazoi horiek direla eta, grebara deitu duzue datorren otsailaren 12rako, ostiralarekin. Nafarroako Gobernuari eskatuko diote proposamena geldiarazteko, Hezkuntza Departamentuak kudeatu dezala 0-3 zikloa, eta gogoeta zein plan bat sor dezatela, haur eskoletarako.