Terrazak ezartzeko erabakia bizilagunekin eta eragileekin adosteko eskatu dio udalari AZ Ekimenak

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 28a, 17:19

San Jose eta Konpainia plazetan terrazak ezartzea "tamaina handiko" erabakia dela uste du elkarteak.

Iruñeko Udalak ostiralean erabakiko du San Jose plazan zortzi eta hamar ostalaritza-terraza artean kokatzeko baimena ematen duen ala ez; terraza hauei, dagoeneko martxan den Konpainia plazakoa batuko litzaioke. AZ Ekimenak ohartarazi duenez, onartzekotan, “bizilagunen iritzia eta eskaerak entzun gabe hartutako erabakia litzateke, ez eta bestelako eragileena ere, Osasun Etxea -Konpainia plazan dagoena- edota auzoko merkatari txikiak, besteak beste”.

AZ Ekimenak auzokideengan eta bertan lan egiten dutenengan oinarritutako auzo eredua defendatzen duela azaldu du ohar bidez. Eredu horrek auzoko ostalaritza babesten duela zehaztu dute, baina baita auzoan bizi diren pertsonak ere. “Plazak topagune dira, bereziki txikientzat eta adinduentzat, eta ezinbestekoak dira ere auzo bat bizirik mantendu eta bizigarria izan dadin. Berdin gertatzen da auzoko ostalaritza negozio txikiekin, auzoko bizitzan inplikatu eta engaiatzen direnak, eta Alde Zaharrean espekulazioaren eta inbertsio fondoen abaroan ugalduz joan diren bestelako ostalaritza negozioekin zerikusirik ez dutenak”.

Horregatik, "tamaina honetako erabakirik hartu aurretik", eragile guztien arteko adostasuna lortu beharko litzatekeela azpimarratu du AZ Ekimenak eta adostasunak eraikitzea Iruñeko Udalaren ardura dela uste dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!