Iruñeko udal haur eskolak doakoak izango dira datorren ikasturtetik aurrera

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 28a, 14:13
  • Tokiko Gobernu Batzarrak abian jarri du neurria aurrera eramateko prozesua, aurrekontuetan 400.000 euroko zuzenketa bat eginda. Navarra Sumaren aurrekontuak onartzeko PSNren baldintzetako bat izan da. 
  • Datorren ikasturteko euskarazko eskaintza haur eskoletan eskaria baino murritzagoa izanen da, beraz euskarazko eredua nahi duten familia askok ez dute doakotasunaz gozatu.

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean ekin dio Udal Haur Eskoletako eskolatze- eta matrikula-kuotak kentzeko prozesuari, eta, beraz, onartzen diren haurren familiek doan jasoko dute zerbitzua. Neurri hori aurtengo kontuetan sartutako 400.000 euroko zuzenketa bati esker gauzatuko da. Navarra Sumaren aurrekontuak onartzeko PSNren baldintzetako bat izan da. Datorren ikasturteko euskarazko eskaintza haur eskoletan eskaria baino murritzagoa izanen da, beraz euskarazko eredua nahi duten familia askok ez dute doakotasunaz gozatu.

Neurri hau martxan jartzeko prozesua gaur goizean hasi da, Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 8. arauaren aldaketa onartu duenean. Arau horrek udal-haur-eskolen hezkuntza- eta laguntza-zerbitzua emateagatiko prezio publikoak arautzen ditu. Aldaketa horren helburua da 2021-2022 ikasturtean eta, hala badagokio, hurrengoetan haur-eskoletan matrikulatzen diren familiei eskolatze-kuota ordaintzetik salbuesteko xedapen bat aurreikustea, dagokion aurrekontu-xedapena onartu ondoren. Proiektua onartu ondoren, hurrengo Udalbatza eztabaidatu eta bozkatuko da, otsailaren 4an.

Datorren ikasturtetik aurrera martxan jarriko den neurriak esan nahi du Iruñeko Udalak bere gain hartzen dituela eskolatze- eta matrikula-gastuak, eta familientzat soilik geratzen direla jantokiko kuotak, dauden errenta-tartearen eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzerako ezarritako araudian jasotako gainerako inguruabarren arabera.

Navarra Sumako zinegotzien eta PSN udal taldearen botoei esker onartutako Udal Haur Eskolen doakotasuna ahalbidetuko duen Udal Aurrekontuen zuzenketak 400.000 euroko zuzkidura aurreikusten du 2021eko ekitaldirako Hezkuntza, Partaidetza eta Gazteria arloaren aurrekontuan, Iruñeko Udal Haur Eskolak erakunde autonomoaren aldeko transferentzia arrunten partidan. Horrela, handitu egin da erakundera bideratutako aurrekontu-partida, hasierako zuzkiduratik (7.965.000 euro) behin betiko 8.365.000 eurora igaro baita. Igoera horri esker, doakotasunari aurre egin ahal izango zaio 2021-2022 ikasturtean, hau da, 2021eko abuztuan ikasturtea hasi zenetik 2021eko abenduaren 31ra arte. Horretarako, beste finantzaketa bat beharko da hurrengo udal-aurrekontuetan, ikasturtea osatzeko, bai eta neurriak hurrengo ikasturteetan jarraituko duela bermatzeko ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!