Plataformaren iritziz, udal gobernuak egindako haur eskola publikoen hizkuntza ereduari buruzko proposamenak ez du “inondik inora” Iruñean ematen den egoera “larria” orekatzen. Ohar bidez salatu dutenez, beren umeak euskaraz hezi nahi dituzten familiei oztopoak jarri nahi dizkie Navarra Sumak, “beste behin”.
Familien “gertutasun eta oreka geografikoaren aldarrikapenak” kontuan ez hartzea leporatu diote Enrique Maia alkateari, desplazamendu handiak egitera behartuko dituelako proposamen berriak ere. “Printzearen Harresin euskara lerro bakar bat ezartzeak ez du inondik inora iruindarren beharra asetzen, ezta hiriko hegoaldean topatzen dugun euskara hutsunea edo euskararen basamortua konpontzen ere”, argitu dute.
“Adar jotzerik” onartuko ez dutela ohartarazi du plataformak: “Navarra Sumaren jukutria da, zurikeria, antzezlana. Eredu mistoak ez du oinarri pedagogikorik. Murgiltze eredua defendatzen dugu, euskara ikasteko tresna pedagogiko bakarra baita”. Navarra Sumaren helburua “ingelesa inposatuz euskara desagerraraztea” dela uste dute plataformako kideek eta horren aurrean, gobernuari eskatu diote azter dezala egin duten proposamena. “Iruñeko mapa bi ardatz erabiliz lau eremutan banatu, eta hauetako bakoitzean euskarazko murgiltze eredua duen haur eskola bat ezartzea. Ezin dugu gutxiagorik onartu”.