"Tamalgarritzat" jo du ELA sindikatuak Sephoraren jarrera. 2020ko otsailaren 6an greba hasi zutenetik langileekin izan duen harreman bakarra izan da zigorren jakinarazpena. Sindikatuak langileen adierazpen askatasuna aldarrikatu du, eta enpresari oharazi dio isildu daitezen negoziatzera eseri beharko dela.
Nafarroako Sephora enpresako langileek greba mugagabean jarraituko dute. ELAk salatu du 2014an CCOOk eta UGTk, Nafarroan gehiengo sindikala izan gabe eta eraginpeko plantillekin kontsultatu gabe, Estatuko Hitzarmena inposatu zutela enpresan eta Nafarroako sektoreko hitzarmena indargabetu zutela. Horrek lan-baldintzak okertzea eta parte hartzeko eta negoziatzeko tresna propio bat usurpatzea eragin zuen, sindikatuaren iritziz.