Irati Gorostidi nafarra, Ikuspuntu jaialdiko X Films sarirako hautagaien artean

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 22a, 06:59

X Films sarietarako hautagaiak. (Ikuspuntu jaialdia)

Harekin batera, Tamara Garcia Iglesias gipuzkoarra eta Elisa Celda madrildarra izango dira.

Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiak hiru emakume aukeratu ditu X Films sariarengatik lehiatzeko: Irati Gorostidi nafarra, Tamara Garcia Iglesias gipuzkoarra eta Elisa Celda madrildarra. Jaialdia martxoaren 15etik 20ra bitartean ospatuko da.

Epaimahaiak azkenean aukeratzen duen hautagaiak 2021ean garatu beharko du bere proiektua, gutxienez 20 minutuko entsegu pertsonal gisa. X Filmsek, alde batetik, sortzen ari diren errealizadoreei lan berri bat sortzeko aukera eman nahi die eta, aldi berean, dokumentalgintzaren panoramako ahots berriak Nafarroara hurbildu.

Errealizadore bakoitzak bere proiektuak aurkeztuko ditu epaimahaiaren aurrean, jaialdiko akreditatuek ere parte hartu ahal izango duten saio batean. Saio horren aurretik, publikoari irekitako saio batean, zinemagile bakoitzaren izaera berezia, kezkak eta munduari buruz duen ikuspegia erakusten duten aurreko lanak erakutsiko dituzte. Bi hitzordu horien ondoren, epaimahaiak proiektu irabazlea aukeratuko du, 2022ko Ikuspuntun estreinatuko dena.

Gainera, X Filmsen barruan, Alberto Gracia iazko irabazleak sortu duen Tengan Cuidado ahí fuera lanaren munduko estreinaldia eskainiko dute. 
 
Hautatuak
Irati Gorostidi Agirretxe nafarrak (Eguesibar, 1988) arte eta zinema ikasketak egin zituen Bilbon eta Bartzelonan, eta Fulbrighten bekaduna izan zen, New Yorken. Gaur egun, bere lehen fikziozko lana, Unicornio film laburra, amaitzen ari da, eta bere lehen film luzea garatzen, Anekumen. Pelikula hori egiteko, ikerketa egoitza bat lortu zuen Arte Garaikideko Uharte Zentroan, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Ikertu beka ere. Horrez gain, Tabakalera Kultura Garaikideko Zentroaren NOKA programan hautatua izan zen. Pasaia Bitartean (2016) eta Euritan (2017) filmak zinema jaialdi eta museoetan proiektatu dira nazioartean.

Elisa Celda (Madril, 1995) zinemagile eta Lejos lejos kolektiboko kidea da. Besteak beste, IDFA, Documenta Madrid, Premiers Plans, Curtocircuito, Play-Doc, Círculo de Bellas Artes de Madrid eta CCE Montevideo jaialdietan aurkeztu du bere lana. O arrais do mar bere azken film laburrarekin La Casa Encendida egunkariaren Generación 2020 saria eta Porto/Post/Doc Jaialdiaren Arché saria irabazi zituen. Elias Querejeta Zine Eskolan (Donostia) eta ECAMen (Madril) ikasi zuen.

Tamara García Iglesias (Lasarte, 1978) Aguilar de Campooko Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendaria izan zen bost urtez. Las voces, Utah, Txalaka, El cuerpo de la mujer sin sombra eta Paraíso filmak zuzendu ditu. Horrez gain, kultur kudeaketako hainbat lanetan parte hartu du, baita Atekaleun zinema ekoiztetxearen sorkuntzan ere, Xabier Erkizia soinu artistarekin batera. Harekin egin du Ferreyra film laburra eta ekoitzi du O Gemer film luze esperimentala ekoitzi dutelarik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!