Beste urtebetez mantenduko dute apustu etxeei lizentzia berriak ematea galarazteko luzamendua

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 21a, 11:39
Apustu etxeen aurkako manifestazio bat, Iruñean, iaz.

Araudia ere aldatuko dute, apustu etxe, bingo edo kasinoak ezin izan daitezen jarri hezkuntza, kirol edo osasun zentroetatik 400 metrora baino gutxiagora. 

 
Iruñeko Udalak beste urtebetez luzatuko du apustu etxeetarako, bingoetarako edo kasinoetarako lizentzia berriak ematea galarazteko luzamendua. Era berean, egungo araudia aldatuko du, jarduera horretarako lokalak ezin izan daitezen jarri hezkuntza, kirol edo osasun zentroetatik 400 metrora baino gutxiagora. Hori erabaki du aho batez Hirigintza gerentziak.

Etenaldi horretan ez da onartuko joko areto, bingo edo apustu lokal berriak ustiatzeko baimenik edo eskabiderik. Baimenen bideragarritasunari buruzko aurretiazko kontsulten ebazpenik ere ez da emango, ezta baimen berririk ere joko makinak eta apustu makinak instalatzeko, salbu eta horrek ostalaritzako lokalaren titulartasuna aldatzea eragiten badu.

EH Bilduk abiatu zuen ekinbidea udalean, eta 2019an Tokiko Gobernu Batzarrak obra eta irekiera lizentzien tramitazioa urtebetez etetea erabaki zuen, 2020ko azarora arte. Bertan behera uzteko argudioa izan zen Iruñean mota horretako establezimenduak ugaritzen ari zirela, jokoak mendekotasuna sortzen duela, eta lokal horien araudi berria egin behar zela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!