Urriaren 12ko ekintza egiteagatik ikertutakoek babes zabala jaso dute Iruñean

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 18a, 08:40

'Eroriko da' lelopean, Iruñeko karriketan manifestazioa egin du Sortuk larunbatean, Auzitegi Nazionalak urriaren 12ko ekintzen testuinguruan 12 pertsonen aurka abiatutako auzibidea salatzeko.

Koroaren aurkako delitua leporatu diete Nafarroako hamabi laguni, urriaren 12an Felipe VI. Espainiako erregearen eta Cristobal Colonen estatuak eraisteagatik Gora Herriak! ekitaldian. Urtarrilaren 12 ziren deklaratzekoak, telematikoki. Baina, atzeratu egin dituzte, denboraleak Madrilen eragindako egoeraren ondorioz. "Otsailean izanen dira seguru aski", azaldu dio Euskalerria Irratiari Lur Albizu ikertuetako batek.

Deklarazioen berezperan ikertuek, 50 eragileren babesa jaso zuten. "Egun zoroa izan zen atzokoa, atzeratu denaren berria, denak abisatu behar eta elkartasun mezuak, aldi berean. Oso erantzun zabala izan du eta oso eskertuta gaude". Babesa agertu dutenen artean daude EH Bildu eta Nafarroako Ezker Batua; baita LAB, Steilas, EHNE, CGT eta Iruñeko CNT sindikatuak ere. Babesa adierazi dieten gainerako eragileak Nafarroako eta Iruñeko elkarteak dira, auzo eta arlo askotakoak: Sare, Bilgune Feminista, Nafarroako SOS Arrazakeria, Alde Zaharreko Gazte Mugimendua, San Fermines 78 Gogoan, Salhaketa, Altsasu Gurasoak...

Iragan urriaren 12an, Sortuk eta nazioarteko hainbat elkartek Gora Herriak! izeneko ekitaldia egin zuten Iruñean, eta Felipe VI. Espainiako erregearen eta Cristobal Colonen itxura zuten bi estatua eraitsi zuten hainbat lagunek. Ekitaldia eta auzia Iruñean gertatu izana nabarmendu du Albizuk: "Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak egindako atestatu batean oinarritzen da, eta hori Iruñean gertatzen da bakarrik". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!