Abenduaren 22an PAGNAko Segurtasun eta Osasun Batzordean jakin zuen LAB sindikatuak, San José Zentroko zuzendariak esana, hango egoiliarren artean bi Covid kasu zeudela. Ikertzen hasi ziren eta gaur jakin dute 7 kasu zeudela eta gaur 24 direla. "Astakeria bat!", ohar bidez baloratu dutenez. Zentroan 80 egoiliar daude. "Zergatik ezkutatzen dute benetako informazioa? Zergatik ezkutatu nahi dute errealitatea? Ez al zaie iruditzen kontu larria dela eta denok jakinaren gainean egon beharko genukeela neurri egokiak hartzeko kutsatutako pertsona horiek eta zentroko gainerako egoiliarrak eta langileak babestearren?", galdetu du sindikatuak. Positibo eman duten egoiliarrak erreferentziako zentrora edota horretarako prestatutako bitarteko baliabideetara eramateko eskatu du sindikatuak. Gainerako egoiliarrak eta San Joseko langileak babesteko baliabideak ere galdegin dituzte.