Iruñeko Udaleko osoko bilkurak 2021erako udal aurrekontuak onartu ditu

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 22a, 10:17
Enrique Maia eta Maite Esporrin, udaletxean, 2019an.

EH Bilduk "ulertzezintzat" jo du Navarra Sumaren jarrerak hilabetez pairatu dituen oposizioko alderdi batek orain “txeke zuri bat" ematea. Geroa Baik ohartarazi du akordioa legegintzaldirako ituna izango dela. 

Iruñeko Udaleko osoko bilkurak 2021eko udal aurrekontuak onartu ditu, Navarra Sumakon gobernu taldeak eta PSNk akordioa lortu ostean. Legegintzaldi honetan onartutako lehen kontuak dira. Geroa Baik eta EH Bilduk, aurreko urtean bezala, aurrekontuen aurka bozkatu dute.

Enrique Maia Iruñeko alkatea pozik agertu da Maite Esporrinen taldearekin lortutako akordioarekin, "hiriarentzat oso albiste ona" delako. Mayak adierazi du “akordioaren unea” zela, "hori delako herritarrek espero zutena".

Maite Esporrin PSNko bozeramailearentzat ere akordioa "arrakasta sozial handia" da. "Iaz bezala aurrekontuen aurka zuzenean bozkatzea erabaki genezakeen, edo zuzenketak aurkezten saiatzea; eta hori izan da gure aukera", adierazi du. "Elkarrizketa, lana eta adostasunak lortzea gure alderdiaren DNAn daude, betiere herritarrengan pentsatuz eta arazoak nola arindu aztertuz".

Joseba Asiron EH bilduko bozeramailea izan da zorrotzen mintzatu dena: "Egun tristea da Iruñea aurrerakoiarentzat, bere aniztasunarentzat eta gizarteko sektore ahulenentzat; izan ere, lehen aldiz, ziurrenik Barcinaren garaitik, hiriak ez ditu izango okerren daudenekin kezkatuko diren aurrekontu sozialak, eskuineko aurrekontuak baizik”, salatu du.

Asironek esan du "ulertezina" dela Maiaren jarrerak hainbat hilabetez pairatu dituen oposizioko alderdi batek orain “txeke zuri bat ematea”, 22 milioi kudeatu ditzan “udaleko arku aurrerakoiaren kontrolik gabe, hiriko bigarren indar politikoa baztertzetik abiatzen diren aurrekontuak aurrera ateratzeko”.

Javier Leoz Geroa Baiko bozeramaileak, berriz, azpimarratu du aurrekontuak onartzeak “akordio politiko handia” eskatzen duela, eta horretarako “beharrezkoa” dela aurretik “konfidantza” sortzea. “Eta, guretzat, Navarra Sumak ez du udal taldeen lana errespetatu, udal gehiengoak hartutako erabakiak etengabe urratu ditu eta, beraz, ezin ditugu aurrekontu hauek babestu". Gainera, aurrekontuen akordioa "de facto" legegintzaldiko ituna izango dela eta PSNk oposizio papera egitea "zaila" izango duela gaineratu du.

Aurrekontua 235,8 milioi eurokoa da. PSNk aurkeztutako zuzenketen ondorioz, udal gobernuak aurreikusitako hasierako proiektua 3,4 milioi eurotan handitu da. Inbertsioak 30,2 milioi eurotik 33,3 milioi eurora igaroko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!