Legealdirako ituntzat jo du aurrekontuetarako akordioa Geroa Baik

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 21a, 15:06

PSNk Navarra Sumak planteatutako politikei babesa ematea erabaki duela salatu du Geroa Baik: "Akordio honek Iruñeko udal talde sozialista jarraitzen ari zen bidea berresten du".

Geroa Baik Iruñeko Udalean duen taldeak uste du Udal Gobernuak eta PSNk 2021eko aurrekontuak onartzeko lortutako akordioa "de facto" legealdirako ituna dela. Geroa Baik ohar batean adierazi duenez, gobernuan sartu ez arren, "logikoa denez, hemendik aurrera talde sozialistak bere gain hartu beharko ditu udal sailek gauzatzen dituzten politikak".

Koalizioak gaineratu duenez, "akordio honek Iruñeko udal talde sozialista jarraitzen ari zen bidea berresten du, alkatearen hautaketarekin hasi zen Navarra sumako Gobernu taldeak planteatutako ildo nagusiak babestuz eta euskararen ordenantzaren aldaketa, haur-eskolen aldaketak, merkataritza-orubeak, merkaturatzaile energetikoaren desagerpena edo haurren alde jarduten zuten prebentzio-taldeen ezabaketa onartuz". Geroa Baik azpimarratu duenez, "Iruñeko talde sozialistak bere zuzenketetan planteatu dituen proiektuak oposizioko taldeek planteatutakoekin bat datozenez, Navarra Sumarekin onartzeko aukera zuten, edo aurten egin genuen bezala, Maia jaunaren alkatetzarako alternatiba aurrerakoia osatu nahi duten taldeekin adostea".

Hala ere, Geroa Baik adierazi duenez, sozialistek "Navarra Sumak planteatutako politikei babesa ematea erabaki dute, Iruñean UPNren eta Barcina garaiko udal talde Sozialistaren arteko akordioak errepikatuz, gure hirirako hain oroitzapen negargarriak dakartzatenak". 

Azkenik, koalizioak ziurtatu du "proposamen-lanarekin" jarraituko duela, "baita, kasu honetan, Navarra Sumaren eta talde Sozialistaren Iruñeko udal-ekintza kontrolatzeko eta salatzeko lanarekin ere, Iruñeko herritar guztien bizi-kalitatea hobetuko duten gizarte-mailako ekimenak proposatuz".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!