EH Bilduk deitoratu egin du PSNk "eskuineko hirukoaren bazkide bihurtzea erabaki izana"

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 21a, 14:55

Joseba Asiron: "Aurrekontu hauek Yolanda Barcinaren kudeaketa eredua berreskuratu nahi dute, bere garaian Maite Esporrínek ere babestu zuen eredua, eta hiri hau berriz ere zorpetzera eta inbertsio soziala beharrean adreiluaren politika lehenestera garamatzate berriz ere”.

Iruñeko EH Bilduk deitoratu egin du PSNk udalean duen taldeak "eskuineko hirukoaren bazkide bihurtzea erabaki izana": "PSNk 2021. urteko aurrekontuak onartzea erabaki du, Navarra Sumak inposatutako bazterkeria politikoa onartuz, eta oposizioaren fiskalizatzeko lanari uko eginez. Gaur arte oposizioa udalbatzaren gehiengoak osatzen genuen, baina zoritxarrez biharik aurrera ez da horrela izango”. Hausnarketa horrekin baloratu du koalizio soberanistak Alderdi Sozialistak eta Navarra Sumak datorren urteko kontuak aurrera ateratzeko sinatutako akordioa.

"Bihartik aurrera, aurrekontuen akordioa errealitate egiten denean, krisi honetan okerren pasatzen ari direnak defendatzea izango da gure helburu nagusia. Eskuinak aurrera eramandako, eta orain PSNk babestutako zenbait politikek adreilua lehenesten baitute, gizarte sarea birrinduz, gutxien duten pertsonak ahaztuz, eta hiri honen berezko nortasunetako bat debekatuz", argitu du koalizioak. Izan ere, obrak lehenesteaz gain, eskuineko hirukoaren eta PSNren artean adostutako aurrekontuek prebentzio-taldeak desagertzea, ENADen desegitea edo euskarari murrizketa handiak onartzea dakarte, bai plantillan, bai laguntzetan. "PSNren zuzenketetan jasotako proiektu gehienak gureak edo orain arte oposizioa osatzen genuenokin batera egindakoak diren arren, Alderdi Sozialistak nahiago izan du proiektu horiek eskuinarekin batera kudeatu, orain arte hain emaitza onak eman dituen oposizio bateratuaren ikuskaritza funtzioarekin jarraitu baino", esan du EH Bilduk. "Aurrekontu-akordio horri alternatiba bazegoen, proiektu horiek guztiak aurrekontu
aldaketen bidez ahalbidetzea alegia, Mayaren lana fiskalizatuz, baina, tamalez, PSNk nahiago izan du alternatiba horri muzin egin", gaineratu du. "Alderdi Sozialistak hausnarketa sakona egin beharko luke, eta bere erabakiaren ondorioak kudeatu beharko ditu", gaineratu du koalizio subiranistak. "Sinesgarritasuna ezinbestekoa da politikan, eta erantzukizuna ez da neurtzen krisi garaian aurkari politikoari txeke zuriak emateagatik, baizik eta norbere printzipioekin eta herritarrekin hartutako konpromisoekin koherentea izateagatik".

Enrique Maia, "funanbulismo politikoaren" adibide

Azkenik, EH Bilduk esan du Enrique Maiaren "funanbulismo politikoaren adibide" dela, izan ere, "sei urtetan bere lehen aurrekontuak onartzeko berak pertsonalki hartutako konpromiso guzti-guztiak irentsi baititu". "Pio XII.eko merkatari eta bizilagunei azaldu behar al die hainbeste kritikatu zuen proiektua onartzen duela koma bakarra aldatu gabe? Zein argudio emango dizkie Belosoko erripako mendi-hegalean etxebizitzak eraikitzearen aurka dauden bizilagunei, aurretik bere babesa erakutsi zienean? Esango al die ustez arriskuan dagoen mendi-hegalak aurrekontuak onartzea baino garrantzia gutxiago duela berarentzat? Labriteko pasabidea 24 ordutan martxan jarriko zuela esan zuen, eta gezurretan ari zela egiaztatu ondoren, nola azalduko du hasierako puntuan gaudela berriz, ideiarik eta irtenbiderik gabe, urte eta erdi geroago...? Maya jaunak azalduko al die bere boto-emaileei erdigunearen Amabilizazioa partzialki aldatzeko
konpromisoa, Aita Moret kalea trafikora berriz zabalduz, gezur hutsa zela? Eta azkenik, nola azalduko du Maya jaunak udal oposizioko alderdiek eta Nafarroako Gobernuak udallurra etxebizitza-politika sozial baten mesedetan erabiltzeko akordioaren edukia kritikatu zuela?", galdetu du koalizio subiranistak, Joseba Asironek iragan ostiralean emandako
prentsaurrekoa gogora ekarriz.

"Pena da politika progresistak aurerra eramateko oposizioak jarrera bateratua erakutsi behar zuenean, Europako eskuinik zaharkituenak askatasun osoa izango duela hiri hau kudeatzeko, PSNk, erantzukizun faltsu baten aitzakiarekin horrela nahi izan duelako; izan ere, Barcinaren oinordekoei txeke zuri bat eman die berriz ere, beste administrazio batzuetan babesa ematen dieten alderdiak gutxietsiz", esan du koalizioak. "Hala ere, guretzat erronka berri bat hasi da gaur eta erantzukizunez hartu dugu: krisi honetan inor atzean geratuko ez dela bermatzea, eta 2023an hiri honetarako benetako progresozkogobernu baten oinarriak finkatzea". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!