PSNren zuzenketak "guztiz onargarriak" direla esan du Maiak

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 16a, 15:55

Iruñeko aurrekontuak onartzeko akordioa gertu du Navarra Sumak. PSNk 26 zuzenketa eta hainbat baldintza aurkeztu dizkio akordioa lortzeko. Begi onez ikusi ditu eskuineko koalizioak; nahiz eta, Labriteko pasabiderako edo haur-eskolen doakotasunerako planteatutako formulei buruz zenbait zalantza adierazi dituen.

Enrique Maia Iruñeko alkateak adierazi duenez, PSNk 2021erako Udal Aurrekontuei aurkeztu dizkien zuzenketak "guztiz onargarriak" dira akordio bat lortzeko, baina sozialisten proposamena bere osotasunean aztertu nahi du, Labriteko pasabideari dagozkion beste baldintza batzuk barne hartzen dituelako.

"Nire balorazioa da atzo baino hobeto gaudela; atzo bozeramaile sozialistak iragarpen bat egin zuen eta gaur zuzenketen aurkezpenarekin iragarpena zehaztu da. Oso balorazio positiboa da, akordio batera hurbiltzen gaituzten pausoak ematen ari direlako", esan du. Maite Esporrin PSNko bozeramaileak gaur goizean bertan eman dio akordioa lortzeko proposamena Enrique Maiari.

Zuzenketen edukiari helduz, esan du "guztiz onargarriak" direla, baina zenbait zehaztapen egin ditu eta zenbait gai "astiro aztertu" behar direla gaineratu du. Adibidez, PSNk haur-eskolak doakoak izateko egindako proposamenaren kasuan, Hezkuntza zinegotzi ordezkariak berak berriki iragarri duenez, "azken helburua 0-3a ziklo bat gehiago izatea zen, baita Nafarroako Gobernuak berak bere gain hartzea ere, eta ziklo guztiak bezala, doako hezkuntza".

Labriteko pasabideari dagokionez, PSNk 500.000 euroko partida bertan behera uztea eta Udalak hura konpontzeko gasturik ez hartzea proposatu du, eta Enrique Maiak berretsi du Udal Gobernuaren jarrera dela esku-hartze horrek Udalari kosturik ez eragitea, baina partida kentzen bada, aseguruaren bidez dirua sartzeko bidea kentzen dela esan du. 

Sozialistek Pio XII.aren etorbideko autoen berreskurapena atzera bueltatzeko egindako eskaerari dagokionez, azaldu du "berdegune famatuak egiteko proiekturik" ere ez dagoela inguru horretan, baina esan du ez duela "aurrekonturik botako" gai horregatik.

Etxebizitza politikan, PSNk proposatzen duenetik "haratago" joatea proposatu du: "Etxebizitza itun handi bat egitea proposatuko dizut, gobernuaren eta udalaren parte-hartzearekin, etxebizitza eskaintzea lehentasunezko helburua baita", esan du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!