Aurrekontuak babesteko 26 zuzenketa "mugiezin" aurkeztu dizkio PSNk Navarra Sumari

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 16a, 13:28

9,5 milioi euroko zuzenketak eta hainbat baldintza barne hartzen dituen akordioa sinatzea proposatu diote Navarra Sumaren udal gobernuari. Sozialistek haur-eskolen doakotasuna eta Labriteko pasabiderako partida kentzea eskatu dute, besteak beste.

Navarra Sumaren Iruñeko aurrekontuak babsteko prest azaldu da PSN. Taldeak 9,5 milioi euroko 26 zuzenketa aurkeztu dizkie udal aurrekontuei, beste baldintza batzuekin batera; izan ere, Gobernu taldeak onartzen badu, sozialistek Udalaren 2021erako aurrekontuak babestuko lituzkete.

Maite Esporrin PSNko bozeramaileak prentsaurreko batean adierazi duenez, Covid-19ak eragindako krisi egoeran, bere taldeak nahiago izan du aurrekontuei atea ez ixtea: "Zuzenketa hauek esfortzu eta ardura handiz aurkeztu ditugu, bizi dugun egoera larria dela eta".

Zuzenketekin batera, Esporrinek hainbat baldintza biltzen dituen akordioa sinatzea proposatu dio Gobernu taldeari. Batetik, Erripagañan etxebizitza soziala eraikitzeko proiektuaren aurka Nafarroako Gobernuari aurkeztutako alegazioak kentzea. Bestalde, Gobernu taldeak bere egitea, Navarra sumaren babesik gabe, Udalaren gehiengoak onartu zuen etxebizitza sozialen plana. Gainera, sozialistek Labriteko pasabiderako 500.000 euroko partida aurrekontuen proiektutik kentzea nahi dute. "Udalak dagoeneko ordaindu du, eta konponketa aseguru etxeek ordaindu beharko dute", adierazi du Esporrinek.

Baldintza horiek betetzen badira bere taldeak aurrekontuak babestuko dituela ziurtatu du bozeramaile sozialistak. "Orain Enrique Maya alkatearen eta Gobernu taldearen kontua da. Talde sozialistak ahalegin handia egin du dagoeneko, eta orain Navarra Sumak eta Enrique Maiak izango dute aurrekontuen ardura. Ikus dezagun zein gerri politiko duen alkateak gure proposamenak onartzeko ", esan du. Esporrinen hitzetan, akordioaren baldintzak eta zuzenketak "ezin dira negoziatu". Sozialistak zuzenketak finantzatzeko dirua kenduko luketen partidetan aldaketak egiteko prest egongo lirateke.

Zinegotzi sozialistak azaldu duenez, PSNren proposamena "aurtengo aurrekontuen inguruko akordioa" da, eta ziurtatu du ez dela akordio zabalago baten barruan sartzen eta ez lukeela datozen ekitaldietako aurrekontuen babesa ekarriko.

Maite Esporrinek adierazi duenez, "Navarra sumak eta Gobernu Taldeak alkatearekin duten jarrerak ez digu konfiantzarik ematen, ez parte hartzeko, ez Gobernu Taldearekin lankidetzan aritzeko; gure konfiantza herritarrekin da, eta aukera eman nahi diogu Udalari aurrekontuak urte hasieratik onartuta izan ditzan".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!