Fermin Erbiti kazetariak Xabier Leteri buruzko irratsaio monografikoa eginen du bihar Euskalerria irratian. Euskal Herrian arrasto sakona utzi duen poeta-kantariaren bizitza eta obrari errepasoa eginen dio, Nafarroatik.
Haren bizitza eta obra aztertu eta ezagutu dutenen testigantzak jasoko ditu Erbitik saioan, horiek Leteren kantu eta hitzekin uztartuz. Ainhoa Urien, Alex Gurrutxaga eta Elixabete Perez Gaztelurekin batera, Leteren obran murgilduko da; baina, gainera, Lete ongi ezagutu zuten Antton Valverderekin eta Jose Angel Irigarayrekin ere mintzatuko da, haren bizitza gertutik ezagutzeko.