Enrique Maia alkatea gaitzetsi dute ostegun honetako Iruñeko Udaleko osoko bilkuran, oposizioak eskatutako informazioa ez emateagatik. Nafarroako Administrazio Auzitegiak aurreko astean ebatzi zuen udal taldeek informazio jasotzeko eskubidea zutela eta ematera behartuta dagoela udal gobernua.
Legegintzaldiko 18 hilabetetan, hirugarren aldia da udal gehiengoak Navarra Sumaren ordezkari bat Iruñeko Udalean egindako gobernu kudeaketagatik gaitzesten duena. Aurretik, Fernando Sesma eta Fermin Alonso Hezkuntza eta Mugikortasuneko zinegotzi delegatuak izan ziren, hurrenez hurren.
Udal talde sozialistak izapidetu zuen auzitegian errekurtsoa, eta, ebazpenak bere argudioak onartzen zituela jakitean, Maia gaitzesteko ekimena aurkeztu zuen, EH Bilduren eta Geroa Bairen babesarekin. Gaiaren funtsa izan zen Udalak behin eta berriz uko egin ziola haur-eskoletan hizkuntza-eskakizunei buruzko inkesta emateari, eta enpresa bati (Mercatec) enkargatu ziola urte hasieran.