Nafarroako erakundeek bat egin dute indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunarekin

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 25a, 14:05

Nafarroako Gobernuak, Foru Parlamentuak, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak eta Iruñeko Udalak hainbat ekitaldi antolatu dituzte astearte honetan Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren karietara.

Nafarroako Gobernuak, Maria Txibite presidentea buru zuela, elkarretaratzea egin du 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren atarian. Gobernuko kideek maskara moreak zeramatzaten soinean. Asteazken honetako saioan, exekutiboak adierazpen bat onartu du: "Emakumeek emakume izateagatik jasaten duten indarkeria munduko gizarte guztietan, baita gurean ere, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-adierazpen handiena da". Horren aurrean, Foru Gobernuak "berdintasun politika publikoen bidez indarkeria matxisten edozein adierazpen amaitzeko konpromisoa" berretsi du.

Gainera, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak eta bizirik atera direnak gogoan izan ditu gobernuak, eta emakume guztien lana nabarmendu du, "gehienak oinarrizko zerbitzuetan, Covid-19ko pandemiaren aurka lehen lerroan ari baitira lanean: emakumeak osasunean, dendetan, hezkuntzan, etxeko enpleguetan...".

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi bat antolatu du bere egoitzaren atarian, talde parlamentario guztiak bertan izan direla, eta 41 aulki jarri ditu hutsik, 2020an Espainian eraildako emakume guztien oroimenez.

Parlamentariek adostutako eta Unai Hualde presidenteak irakurritako testuan, indarkeria sexistaren adierazpen oro gaitzetsi dute, desberdintasunaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute, eta gizarteari dei egin diote indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa hartzera. Salatu dute hilketa matxistak direla patriarkatuaren adierazpenik larriena, eta sistema horrek emakumeen askatasuna eragozten eta botere harremanak iraunarazten dituztela. Edonola ere, hainbat esparrutan indarkeria matxistaren adierazpenak identifikatzeko eta salatzeko eta haiei erantzuteko egiten ari diren urratsak ere nabarmendu dituzte.

Bestalde, Iruñeko Udalak elkarretaratzea egin dute udaletxearen atarian. Udal talde guztietako ordezkariek parte hartu dute. Iruñeko Udalak 76.000 txartel argitaratu ditu emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako baliabideekin, hala nola 112 eta 092 larrialdietarako telefonoak eta Emakumearen Arretarako Udal Zerbitzuaren (SMAM), Delituaren Biktimei Laguntzeko Zerbitzuaren eta Sam Iruñeko Abokatuen Elkargoko Emakumeentzako Arreta Juridikoko Zerbitzuaren kontaktuen datuak, doako zerbitzuak eskaintzen dituzten baliabide publikoak.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak ere elkarretaratzea antolatu du 12:00etan bere egoitzaren aurrean. BertanJose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkariak berretsi egin du Espainiako Gobernuak "konpromiso irmoa" duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrarekin eta indarkeria matxista mota guztiei aurre egiteko prebentzioarekin eta erantzunarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!