ERA Eskolak "euskara ikasten ez duten ikasleak" baztertzen dituela salatu du Navarra Sumak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 10a, 17:31

Alderdi batzuek euskara "interes nazionalistak gauzatzeko" erabiltzen dutela erakusten du eskolak UPNk, PPk eta CSk osatutako koalizioaren ustez.

Navarra Sumak kritikatu egin du ERA Eskola egitasmoa. "Horrela, ikaskuntza euskaraz egiten ez duten herritar, familia eta ikasle gehienak baztertzen ari dira", salatu du UPN, Ciudadanos eta PPren koalizioak ohar batean.

NA+k gaitzetsi dutenez, "saioak Gipuzkoako hiru profesionalek ematen dituzte, baina ez dago kontratazio publikoko espedienterik, lehia askeko erregimenean". Hori dela eta, "hautaketa- eta kontratazio-prozedura" eskatu diote Foru Gobernuari.

UPNk, PPk eta CSk osatutako koalizioaren ustez, "programa hezkuntza zerbitzu bat bada, onartezina da Hezkuntza Departamentuak ez parte hartzea eta euskara ez dakiten herritarren % 87 bertatik kanpo uztea". "Berez hezkuntza laguntza zerbitzu bat ez bada, ez du justifikaziorik euskara sustatzeko zerbitzu publiko batetik baliabide publikoak beste helburu batzuetara bideratzea", gaineratu du.

Navarra Sumaren ustez, "horrelako ekintzek agerian uzten dute Gobernuko sail batzuek eta osatzen duten alderdi batzuek euskara erabiltzen jarraitzen dutela beren interes nazionalistak gauzatzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!